Iragan asteazkenean hurrengo urteetako ingurumen- eta energia-politiken ardatz izango den plana aurkeztu dute Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durão Barrosok eta Klima-aldaketa eta Energiarako arduradunek. Neurrien artean, 2030 urterako Europar Batasuneko 28 herrialdeek berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak 1990 urteen mailekiko %35-40 gutxitzearena hartzen du baitan planak. Hala ere, babesa kendu zaie azken urteetan Europa berdearen ikur izan diren energia berriztagarrien garapenari.
Presio handia egin da batez ere Erresuma Batuaren eta Frantziaren partetik neurri baten aurka, hain zuzen ere, Batasuneko herrialdeak energia berriztagarri portzentaje jakin bat erabiltzera behartzen zuena. Presio horren aurrean, Europako Batzordea saiatu da herrialdez herrialdeko tasa bat ezarri ordez Batasunak bere osotasunean bete beharko zukeen portzentajea ezartzen. Bigarren bide urardotu hori ere arriskuan dago, ordea.
Adostutako emisioen %35-40ko murrizketa horiek lotesleak izango diren ala ez ere ebazteke da oraindik. Hala ere, neurri hori bere horretan ere ez da izugarrizkoa, izan ere, Batzordearen txosten batek adierazten du 2030 urterako karbono dioxido emisioak %32an jaitsiko lirateke neurririk hartu gabe ere. Horren ordez, %55eko murrizketa proposatzen dutenen artean da Greenpeace.
2007an 2020 urterako helburuak finkatu zirenean gasen emisioa murriztea eta energia berriztagarrien eta energia-efizientziaren portzentajearen emendioa adostu ziren, guztiak ere %20ra. Ekonomia-krisia aitzakia, energia nuklearraren aldeko apustua sendotu nahian dira Erresuma Batua eta Frantzia. David Cameron lehen ministroak jadanik publikoki agertu du helburu horien aurkako jarrera. Alemania, aldiz, energia berriztagarriei bide ematearen aldekoa da, ez baitu alferrik jarri martxan energia nuklearrarekin amaitzeko programa. Batzordeak aurkeztutako planak orain martxoan ospatuko den gobernuburuen goi-bileraren onespena beharko du izan.