Anthony Ingraffea Estatu Batuetako ingeniaria da, eta fracking edo haustura hidraulikoaren arloan munduan dagoen adituenetariko bat da. Bere ustez Espainian Fracking-aren alde egiteak ez du ez hanka ez bururik.
Etxeetan, lantegietan eta abarretan erabiltzen dugun gasa lur barneko putzuetatik erauzitakoa izan da orain arte. Erauzitako gasa lurraren barnean milaka metrotara egoten da, poltsa batetan gatibu. Fracking edo haustura hidraulikoaren funtsa, ordea, ez da poltsa batetan bilduta dagoen gasa ateratzea, baizik eta lur barnean 5000 metro inguruan dauden harrietako milaka poro mikroskopikoetan dagoena erauztea. Jakina, horretarako harri horiek birrintzea besterik ez dago, eta hori bertara ura eta ehunka produktu kimiko presio handian sartuz lortzen dute.
Ingraffearen ustez Espainian Fracking-aren aldeko apostua egitea atzerakada handia litzateke, azken urteotan energia berriztatzaileen alde egindako lan guztia zokoratuta utziko litzatekeelako. Horren harira, Ingraffeak haustura hidraulikoak negutegi gasa den metanoa askatzen duela gogoratu du. Bai eta akuiferoak kutsatzeko arriskua oso handia dela.
Nafarroan eta Araban gasa Fracking bidez ateratzeko hainbat proiektu aurreikusi dituzte, nahiz eta oraindik metodoa arautzen duen marko legalik ez dagoen.