BioRes proiektuaren baitan argitaratutako txosten baten arabera, EAEko ingurumenaren kalitateak hobera egin du azken 20 urteotan. Baina hobekuntza hori beste herrialde batzuena kaltetzearen truke izan da, kutsadura handia sortzen duten produkzioak besteak beste Afrikan egiten baititu.
Petroleoa eta gasa Nigeriatik, agroerregaiak Indonesiatik, mineralak Boliviatik, atuna Keniatik... Asko dira EAEk kanpotik ekartzen dituen produktuak, herrialde txiroetatik batez ere, eta horrek herrialde haietako biztanleen eta ingurumenaren egoera larriagotzen du. Izan ere, han produkzioa hemen onartezinak diren baldintzetan egiten dute. Gainera, produktuen garraioak ingurumena kaltetzen du eta, beraz, hemen ordaintzen den prezioak ez du benetako kostua (giza-, nahiz ingurumen-kostua) islatzen.
BioRes egitasmoak EAEko ekonomiak munduko biodibertsitatearen galeran duen erantzukizuna aztertzen du. Bertan Euskal Herriko Unibertsitateko hainbat irakasle ari dira lanean.