Garoñako zentral nuklearraren itxiera 2013ko uztailaren 6rako zegoen programatua, bere ustiaketaren ardura duen Nucleonor enpresak (Iberdrola eta Endesak osatzen dutenak) ustiapenerako lizentzia luzatzeari uko egin baitio berriki. Madrilen hartu den erabaki batek, ordea, bere itxiera aurreratu dezake. 2013 urteko urtarrilaren 1ean martxan jarriko den zerga-sistema berriak zentralaren bideragarritasun ekonomikoa ezbaian jarri du eta Garoñako arduradunek erreaktorea datozen egunotan itzaltzea erabaki lezakete.
Joan den asteartean egin zen Industria Kontseiluaren bilerak argi gorriak piztu zituen Nucleonor enpresaren baitan. Jasangarritasun Energetikorako Fiskalitate-Neurrien Lege berrian senatuak egindako zenbait zuzenketa onartu ziren, zeintzuen bitartez zentral nuklearren ustiapenaren gaineko zenbait zerga igo egin diren. Zerga horiek, gainera, ez lirateke zentralen erreaktoreak martxan dauden denborara mugatuko, itxieraren ondoren egin beharreko lanei ere aplikatuko litzaizkieke.
Esate baterako, erreaktoretik ateratako uranio edo plutonio kilo bakoitzeko 2190 euroko zerga ordaintzera behartuta egongo litzateke Nucleonor. Guzti horregatik, Nucleonor enpresak erreaktorea abenduaren 16an gelditzea erabaki dezake. Erreaktorea 2013ko urtarrilaren 1ean lege berria martxan jarri aurretik itzaliko balitz ez lituzke ordaindu behar erregaiak jasotzeko lanengan aplikatutako zerga horiek.
Senatuan egindako zuzenketek kongresuaren baiezkoa jaso behar dute oraindik ere eta, beraz, zentralaren itxieraren aurrerapena oraindik airean da. Nucleonor hasia da jada itxieraren aurrerapen hori prestatzen, ezarriko liratekeen zerga berrien beldur. Urte luzetan herrilanak egindako presioaren ondoren finantzen matematika izan daiteke zentralaren azkena erabakiko duena.
Comments (1)
Garikoitz Perurena
Halere, goizean irratian entzun dudanez iberdrola eta endesa 2019. urterarte luzatu nahian dabiltza eta goizaldean negoziaketetan ibiliko ziren. Nik itxita ikusi arte ez dut sinetsiko.
reply