Sarrigurengo (Nafarroa) biztanleek 4 gune izango dituzte etxean sortutako materia organikoarekin herri-konposta egiteko. Ekimena "eko-hiria" egitasmoaren baitan dago eta Iruñerriko Mankomunitateak ere parte-hartu du.
Konposta egiteko gune hauek herrian zehar banatuta egongo dira eta berauetan konpostagailuak ez ezik konpostatze prozesuan laguntzeko panelak ere egonen dira. Gainera konposta egiten laguntzeko, hots, materia organikoa konpostatu bai baina usteldu ez dadin lorezaintzako langileek adaxkak eta abar botako dituzte aireztapen ona bermatzeko.
Egitasmoan herriko lorategietan erabiliko den konposta lortuko bada ere, helburua ez da konposta egitea, baizik eta herritarrengana konpostatze prozesua hurbiltzea etxean sortzen dugun zaborren zati gehienek zabortegia ez den beste bide bat jarrai dezakeelaz ohartzeko.