Finantza-krisia ekonomia globala astintzen ari den garai hauek ez dira gozoak ingurumenaren kontserbazioa eta jasangarritasuna helburu duten aldarrikapenetarako. Oinarrizko beharrizanak asebetetzeko zailtasunak ingurumenarekiko kezka bigarren maila batean laga du herrialde askotan. Hala ere, ingurumenarekiko kontzientziarik eza ezin zaio ekonomiari soilik egotzi, biolentzia, immigrazioa edota terrorismoa ere ingurumenaren gainetik baitira zenbait herrialderen lehentasunetan.
Iritzi-Ikerketarako Zentro Nazionalak (NORC, ingelesezko sigletan), Chicagoko Unibertsitatearen (AEB) parte denak, 1993tik dihardu 33 herrialdetan ingurumenarekiko jarreren bilakaera monitorizatzen. Batez ere, klima-aldaketarekiko biztanleriak duen ikuspuntua dute aztergai. Euren inkestetan galdatuei eskatzen zaie lehentasunen arabera ordenatzeko hurrengo gaiak: osasun-sistema, hezkuntza, biolentzia kriminala, ingurumena, immigrazioa, ekonomia, terrorismoa eta pobrezia. Ekonomia galdatuen kezka nagusi suertatu zen 15 herrialdetan, osasun-sistema zortzitan, hezkuntza seitan, pobrezia bitan eta terrorismoa herrialde batean.
Ingurumenaren lehentasunen aurreneko postuan jarri dutenen biztanleriaren proportzio handiena Norvegiak azaldu du (%15). Espainian eta AEBn, esaterako, portzentaje horrek %3 eta %3,6ra egiten du behera, hurrenez hurren. Ingurumenarekin erlazionatutako arazo zehatzen inguruan galdatuz gero, aireko kutsadura izan da 13 herrialdetako galdatuek azaldutako kezka nagusia. Klima-aldaketa, aldiz, zerrendako buru da 10 herrialdetan. Biztanleriarentzako arriskutsuen diren arazoen inguruan galdetzean klima-aldaketa hiru herrialdetan soilik suertatu da zerrendaburu, gainetik aireko kutsadura eta zentral nuklearrak daudelarik. Gainera, klima-aldaketa arazo pertsonal baino herrialde mailako arazo gisa ikusten du gehiengoak. Ikerketaren gidari izan den Tom W. Smith-ek adierazi bezala, “klima-aldaketak kezken rankingean duen postu apala zor zaio hein handi batean biztanleriak duen usteari fenomeno horrek eurengan eragingo ez duela. %14,6rentzat ingurumenarekin erlazionatutako arazo garrantzitsuena den arren, soilik %9ak hartzen du arazo pertsonal garrantzitsu gisa”.
Herrialdeen artean aldeak badira ingurumenarekiko sentsibilitateari dagokionez. Ingurumenarekin lotutako gaiak kezka nagusi dira Eskandinaviako herrialdeetan, Suitzan eta Kanadan, atzetik dituzte Frantzia, Austria, Finlandia, Alemania, Taiwan, Korea eta Zeelanda Berria. Zerrendako azken postuetan dira Kroazia, Letonia, Txile, Turkia, Lituania, Argentina eta Israel. Klima-aldaketari buruz zehazki galdatuz gero, kezka handiena azaltzen duten herrialdeak Japonia, Alemania, Kanada, Erresuma Batua eta Eskandinaviako herrialdeak dira, non biztanleriaren %19-26k duen kezka nagusi.