CO2 emisioak dira klima-aldaketari gizakiak egiten dion ekarpen nagusietakoa. Atmosferan gas honek duen kontzentrazio-igoerari aurre egiteko maiz ozeanoetan jarri izan da esperantza jakina baita karbonoa asimilatzeko gaitasun handia dutela, bertan bizi diren plankton komunitateengatik batez ere. Itsasoetatik asko dugu ikasteko, ordea. Ozeanoek karbono dioxidoaren zurgapenean duten garrantziaren seinale, ikerketa batek argitaratu berri du itsasoko plankton-komunitateek zurga dezaketen CO2 kantitatea egundaino uste zenaren bikoitza izan daitekeela.
1934an Alfred Redfield ozeanografoak itsas zientzietan hamarkadetan zehar iraun duen printzipio bat ezarri zuen zeinak zehazten duen ozeanoetako planktonaren konposizioaren ratioa konstantea dela. Redfield-en dogmaren arabera ur-azaletik hasi eta sakonera handietaraino bizi diren plankton-komunitateen mantenugai-konposizioak 106:16:1 ratioa jarraitzen du karbonorako, nitrogenorako eta fosfororako, hurrenez hurren.
Nature Geoscience aldizkarian plazaratu den ikerketak, haatik, baieztatu du ratio hori nabarmenki aldakorra dela munduan zehar. Are gehiago, sakonera baino latitudea ezarri dute ratio hori baldintzatzen duen faktore nagusi gisa. Zehazki, ikerlariek ekuatore aldeko itsaso epel eta mantenugaietan eskasetan bizi den planktonak poloetako ur hotz eta elikagaietan aberatsetakoak baino karbono proportzio altuagoa duela behatu dute. Latitude txikietako planktonak 195:28:1 ratioa du, poloetakoak, aldiz, 78:13:1.
Ikerketaren buru izan den Adam Martiny-k (Kaliforniako Unibertsitatea, AEB) baieztatu gisan, “Redfield-en printzipioa itsas-zientzien oinarrietako bat izan da. Gure emaitzen arabera, ordea, planktoneko mantenugaien ratio hori ez da konstantea eta printzipio hori baztertu beharrean gara”. Bere lantaldeak hainbat espedizio egin ditu munduan zehar laginak biltzeko, besteak beste, Bering-eko itsasoan, Ipar Atlantikoan eta Karibeko itsasoan. Euren datuak aurretik argitaratutako beste 18 espediziotako emaitzekin ere alderatu dituzte. “Redfield-en printzipioa okerra izan zitekeela iradokitzen zuten bi ereduren berri bagenuen, baina lehen aldia da printzipio hori baliogabetzen duten ebidentziak biltzen direla”.