Albisteak

Kyoto 1997 – Doha 2012 – Kyoto 2020
Qatarreko hiriburuan ospatu den konferentzian berotegi-efektuko gasen emisioa erregulatzen duen Kyotoko protokoloa 2020rarte luzatzea erabaki da

2012/12/10

Iruzkinik ez
bisita

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Dohan (Qatar) antolatutako elkarrizketen testuinguruan 200 herrialde inguruk erabaki dute  berotegi-efektuko gasen emisioa mugatzen duen legedi lotesle bakarra 2020 urtea arte luzatzea. Negoziazio luze eta korapilatsuen ondoren lortu da akordioa, herrialdeen arteko tirabiren lekuko. Aldaketa klimatikoari aurre egiteko funtsezkoa behar zukeen akordioa, ordea, eskasa suertatu da bai edukiz eta bai atxikimenduz.


Kyoto 1997 – Doha 2012 – Kyoto 2020
Kyotoko protokoloa urte amaieran zen iraungitzekoa

Akordioa Europar Batasuneko (EB) 27 kideek, Australiak, Suitzak eta beste zortzi herrialde industrializatuk sinatu dute eta guztiek zehaztu dituzte protokoloa betetzeko helburu zehatzak. Hala ere, herrialde horiek mundu mailan berotegi-efektuko gasen emisioaren %15ren erantzule dira soilik. Kanpoan gelditu dira berotegi-efektuko igorle nagusi diren herrialdeak, besteak beste, Ameriketako Estatu Batuak (AEB), Txina eta India. Errusiak ere desadostasuna adierazi du akordioarekin, berotegi-efektuko gas gehiago igortzeko aukera eskatu du bere industria Sobietar Batasunaren gainbeheratik errekuperatu dela argudiatuz. Aurkako argudio berdintsuak aurkeztu dituzte Europako ekialdeko zenbait herrialdek, Polonia denen buru.

“Akordioa apala baina beharrezkoa” izan dela iritzi du Europako Kontseiluaren ordezkariak eta NBEren idazkari nagusi den Ban Ki-moon ere “gehiago egin” beharra dagoenaren ustean da. Greenpeace-en zuzendaritza taldeko kide den Kumi Naidook adierazi du elkarrizketen emaitzak etsigarriak izan direla oso. “Ezarritako helburuak ez dira ebidentzia zientifikoak iradokitzen dizkigunetara gerturatu ere egiten. Beste behin, irabazle nagusiak petrolio-, ikatz- eta gas-konpainiak izan dira”.

Akordioaren beste puntu korapilatsu bat herrialde garatuek garapenean direnei berotegi-efektu globalari aurka egiteko eman beharreko dirua izan da. Herrialde garatuei presioa egin zaie azal dezaten 2020 urtea bitartean garapenean diren herrialdeei hitzartutako 100.000 milioi dolarrak noiz eta nola emango zaizkien. Finantza-krisia aitzaki, EBk eta AEBk ez dute finantzamendu horren inguruan erabakirik hartu nahi izan.

Iturria: Al Jazeera

Estekak

Dohako akordioaren gakoak (ingelesez)
Dohako konferentziaren webgune ofiziala (ingelesez)

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...