EuskalNaturak antolatuta, Oiartzundik Zilbetirako mendi-zeharkaldia egingo dute EHUko ikasleek eta EuskalNaturako kideek apirilean. 30 lagunez osatutako taldeak ibilbidea bost etapatan egingo du, eta egunero naturaren kudeaketan eta ikerketan lanean diharduten lekuan lekuko pertsonen azalpenak jasoko dituzte. Ibilbidean, Aiako Harria, Artikutza, Bertiz eta Aldudeko basoa ezagutzeko parada izango dute, besteak beste.
EuskalNaturak duela bost urtetik EHUko biologia eta ingurugiro zientzietako ikasleentzat antolatu ohi duen irteera Gipuzkoan hasi eta Nafarroa iparraldean bukatuko da. Bidean, gainera, Nafarroa Behereko inguruak ere ezagutuko dituzte. Egun bakoitzean lekuan lekuko naturaren kudeaketarekin eta azterketarekin erlazionaturiko adituen bisita jasoko dute; hala nola, baso-kudeaketaren, parke naturalen funtzionamenduaren eta ingurune naturalen zaurgarritasunaren inguruko informazioa jasotzeko.
Lehen egunean Aritxulegitik Arantzarako bidea egingo dute, Artikutzatik barrena igarota. Bigarren egun osoa Nafarroan barrena egingo dute, Arantzatik Elizondora joanez. Bidean Bertizko Parke Naturala ezagutuko dute, besteak beste. Hurrengo egunean, Elizondotik irten eta Argibeldik igarota Aldudera jaitsiko dira, eta bertan saguzarren inguruan arituko dira. Larunbatean Aldudetik Auritzberrirako bidea egingo dute, Lupururitik barrena igarota, eta bertan Hegoaldeko eta Iparraldeko baso-kudeaketa ereduen inguruko azalpenak jasoko dituzte. Azken eguna, berriz, Auritzberri eta Zilbeti bitarteko mendibideetan igaroko dute, Aldudeko basoetan. Bertan, Zilbetiko harrobiaren proiektuaren eta hark Aldudeko mendietan izango duen inpaktuaren berri ezagutuko dute.
Bost eguneko irteerak Euskal Herriko ingurune ederrenetariko bat ezagutzeko aukera emango die ikasleei, eta baita ingurune horren kontserbazioari eta kudeaketari begira hartuta dauden edo hartu beharko liratekeen neurrien berri jakiteko aukera ere.
Comments (1)
Maialen Sistiaga
reply