Albisteak

Zabortegiak eta zabortegiak
Gipuzkoako hondakinen kudeaketa plan berriak errefusak egonkortu eta probintziako hainbat gune degradatutan pilatzea proposatzen du.

2012/06/09

Iruzkin 1
bisita

Gipuzkoako hondakinen kudeaketarako plan berriak probintziako hiru zabortegiak ixtea aurrikusten du 2014rako. Halere, plan berriak dio birziklatu ezin diren hondakinak egonkortu eta gune degradatuetan (harrobiak…) metatuko direla. Oposizioko alderdien ahotan “iruzurra”, “amarrua” eta antzerakoak entzun ditugu. Baina zer dira zabortegi berri hauek?


Zabortegiak eta zabortegiak
Kataluniako Garraf eskualdeko harrobi bat lehengoratzen hondakin-fardelak erabiliz

Birziklatu ezin den errefusa egonkortu eta plastikozko fardeletan sartuko dute plan berriaren arabera. Europako beste herrialde batzuetatik hartu dute adibidea; Danimarkan eta Italian 2004tik ari dira honetan, eta, Katalunian, 2005ean hasi ziren Badalonan.

1999an hasi ziren Kataluniako Universitat Politécnican metodo hori ikertzen, ingeniaritza proiektuen departamentuan, Jose María Baldasano ingurumen katedradunaren eskutik. Haren ikerketen arabera abantaila ugari dakartzate fardel plastifikatuek. Badalonako Vallensana harrobian eginiko proba pilotuan, urtez urte ireki dituzte fardelak (230.000 fardel) eta, ikusi ahal izan dute, biodegradagarria dena % 6 inguru dela eta epe laburreko aktibitate biologikoa asko murrizten dela. Horren abantailak dira ia biogasik ez sortzea, sortutako lixibiazio apurrak tratatzeko errazago izatea… Modu horretan zabortegien arazorik larriena konponduko litzateke, hau da, gora askatzen dituzten gasena eta azpitik jariatzen dituzten lixibiatuena. 

Gainera, ez dago zabortegiez erabat libratzeko metodorik. Aste honetan, Martin Steinerrek (Gipuzkoako hondakinen kudeaketa planaren egokitzapena egin duten adituetako bat) Berriari eskainitako elkarrizketan zioen: “Hondakinak egonkortzearen ideia da garrantzitsuena. Zaborrei bi irtenbide eman dakieke: biologikoki egonkortzea edo erretzea. Eta bi prozedurek sortzen dute errefus bat zabortegietan bildu behar dena. Errauste plantek sortutako eskoria ere zabortegietara eraman behar da. Beraz, errauste plantarekin ere zikloa ez da ixten, ez da konponbide integrala”.

Testuinguru politikoan horrelako kontu serio batetaz jardutea buruarinkeria da, kontu hauek ez lirateke eztabaida elektoraletan sartu behar. Berriako elkarrizketan Martin Steinerrek zioen harrituta dagoela eztabaida hau “oso politikoa izaten ari delako hemen”, ez omen zuen inon ikusi horrelakorik: “Hondakinak atez ate biltzeko sistemaren inguruko eztabaida erabat politikoa izaten ari da hemen, eta zaila egiten zait ulertzen. Aukerek erlijioak dirudite, eta horrelako polemiketan ez naiz fededuna”.

Iturria: www.argia.com

Estekak

http://paperekoa.berria.info

Comments (1)

  • Antton Alberdi

    Antton Alberdi

    09 June 2012 at 15:20 |
    Tamalez ohituta gaude inguruan dugun zirko politikora, eta normala-edo iruditzen zaigu gertatzen ari dena... Penagarria...

    reply

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...