Datorren asteazkenean, azaroak 6, Literatura, Zinema eta Mendiari buruzko IV. Jardunaldietako ekintzen barruan, EuskalNatura proiektuaren nondik-norakoak azalduko ditu Antton Alberdik Gasteizko EHUren Campuseko Letren Fakultatean. EuskalNaturaren sorreraz, jatorriaz eta funtzioaz arituko da Alberdi; natura, zientzia eta dibulgazioa gazteengana hurbiltzeko ahaleginaz eta garrantziaz. Bertaratu nahi duen orok sarrera doakoa izango du, eta beste hitzaldi interesgarri ugariz gozatzeko aukera izango du.
Literatura, Zinema eta Mendiari buruzko Jardunaldiak duela hiru urtetatik antolatzen dira Gasteizko EHUren Campusean Mendifilmfestival egitasmoaren barnean. Mendiari loturiko gaiak esparru ezberdinetatik jorratzen dira jardunaldi horietan, izan perspektiba akademikotik, kirol-perspektibatik edo artearenetik. Aurtengo ekitaldia azaroaren 5,6 eta 7 egunetan izango da, eta bideo-emanaldiak eta hitzaldiak izango dira, besteak beste.