EHUko Zelulen Biologia eta Ingurugiro Toxikologia lantaldeak kaleratu berri duen lanaren arabera, estrogeno gisa jokatzen duten kutsatzaileek arrain arrengan obozitoen garapena eragiten dute. 2007 eta 2008an aurkitu ziren fenomeno horren lehen kasuak Urdaibain eta plazaratu berri dituzten emaitzek arrainen feminizazio hori Gernikan, Arriluzen, Santurtzin, Plentzian, Ondarroan, Deban eta Pasaian ere behatzen dela baieztatu dute.
Science of the Total Environment eta Marine Environmental Research aldizkarietan argitaratu dituzten lanen arabera, aztertutako sei itsasadarretako hirutan arrain intersexualak aurkitu dituzte, hau da, barrabiletan gameto emeak garatu zituzten arrak. Bestalde, estuario guztietan izan dira kasuak emeen markatzaile molekularrak agertzen zituzten arrenak. Markatzaile horien artean aipatzekoak dira gibeleko biteloninaren presentzia eta burmuinean estrogenoen sintesian parte hartzen duen proteinaren kantitate handia.
Fenomeno horien erantzule diren kutsatzaileak hormona-disruptoreak dira. Gai horiek oso anitzak dira ikuspuntu kimikotik baina guztiek ere animalien hormonekin elkarrekiteko gaitasuna dute, hala sistema endokrinoaren oreka hautsiaz eta animaliaren feminizazioa (edo maskulinizazioa) eraginez. Dituzten eragin kutsatzaileak berriki atera direnez argitara, ez da askorik ezagutzen organismoez haratago ekosistemetan eragin ditzaketen kalte eta asaldurez. Kutsatzaile horiek aurki daitezke, esate baterako, plastikoetan, pestizidetan, pilula antikontzeptiboetan eta nekazaritza eta industriako hainbat hondakinetan.