Osasunaren Mundu Erakundeak eta Europako Kontseiluak eremu elektromagnetikoen arriskuaz ohartarazi ondoren estatuak ez duela ezer egin salatu zuten atzo kutsadura elektromagnetikoaren kontrako elkarteek.
Urte bat da iada Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eremu elektromagnetikoak minbizi eragileak direla onartu zuenetik eta, horren harira, Europako Kontseiluak 1815 ebazpenean biztanleak eremu elektromagnetikoetatik zaindu behar direla eskatu zuenetik. Baina Europan gutxi dira gomendioak jarraitu dituzten estatuak eta, areago, Espainian geroz eta telefono-antena gehiago jartzen ari dira, adibidez (larriena, eskoletan eta etxebizitzetan jartzen dituzte).
Halaber, gobernuek (estatukoak nahiz erkidegoetakoek) kutsadura elektromagnetikoak osasunean daukan eragina ukatzen jarraitzen dutela salatzen dute eremu elektromagnetikoek kaltetutakoen elkarteek. Gauzak horrela, ia ez dago lekurik eremu elektromagnetikoen eraginetik at, eta gehienetan norberaren borondatearen kontra izaten da lanpostuan, eskolan, leku publikoetan... ere egoten direlako.
Eremu elektromagnetikoaren kontrako elkarteek argitu nahi izan dute haiek ez daudela ez internet ez eta komunikabide modernoen kontra. Izan ere argi dute, esaterako, interneterako sarbidea posiblea dela WiFi-rik gabe, zuntz optikoa edo kableak konexio seguruagoa eta azkarragoa baliatzen baitute. Gobernuei eskatzen dietena biztanleak informatu eta osasunean eraginik ez duten teknologiak bultza ditzatela da.