3 Mugak Batera erakundeak Olaztiko Portland enpresak abiatuko duen errausketaren kontrako manifestaziora deitu du, bai eta partidu politiko, erakunde eta sindikatu askok ere. Lekua: Altsasuko Nettoko parking-a. Ordua: arratsaldeko 18.00ak. Eta bertara hurbiltzeko arrazoiak ehundaka.
Orain dela hilabete eskas Nafarroako Auzitegi Gorenak Nafar Gobernuak prestatutako Hondakinen Kudeaketa-Plana baliogabetu zuen. Arrazoiak, besteak beste, ingurumen inpaktuaren balioespena epez kanpo egin izana eta errausketaren egokitasunari buruzko zalantzak (batez ere plan hark ez baitzuen erraustegia kokatzeko lekua zehazten) izan omen ziren (ikus Sustrai Erakuntzak idatzitako laburpena).
Bien bitartean Olaztiko Portland-Valderrivas zementu-enpresak hondakinak errausteko baimenak jaso ditu eta, horregatik, hondakinen kudeaketa-plana bertan behera geratu eta gero Nafar Gobernuak Portland-eko errausketa aukera bakartzat aurkeztuko duenaren susmoa dago.
Argi dagoena zera da, gutxi barru Olaztin hondakinak erretzen hasiko dira. Non eta Urbasako, Aizkorri-Aratzeko eta Aralarreko Natur Parkeetatik oso gertu. Non eta Bilbo uraz hornitzen duen urtegitik oso gertu. Non eta Iruñeko ur edangarriaren erdia pilatzen den akuiferotik oso gertu. Non eta 7000 biztanle baino gehiago bizi den herri batetik eta txikiagoak diren beste askotatik oso gertu.
Eta hau guztia salatzeko elkarretaratzea deitu dute larunbaterako, martxoak 16an, arratsaldeko 18.00etan Altsasuko Nettoko parkingean.