Ministro Kontseiluak abuztuan onartu zuen joan den astean kongresura iritsi zen testua. Bertan talde gehienek lege egitasmoaren kontra azaldu ziren, baina PP alderdiaren botoak nahikoak izan ziren proposamena lege bihurtzeko.
Testu berriak polemika handia sortu du. Bertan Ingurumen Inpaktuaren Azterlanak 4 hilabetetan egin behar direla agintzen da (orain 3-4 urte behar izaten dira azterlana egiteko). Hori dela eta, oposizioko alderdien eta hainbat talde ekologisten aburuz ezingo da azterketan sakondu eta, horrela, nekez aurreikusi ahal izango dira gerora eragin daitezkeen kalteetako asko. Halaber, lege berri honek azterketa sinplifikatzeko aukera ematen du proiektuen helburuen arabera. Hau da, eragin daitezkeen kalteei jaramonik ez egitea posible egiten du baldin eta proiektuak onurak badakartza.
Ingurumen Inpaktuaren Balioespena proiektuek eta planek ingurumenean eragin ditzaketen kalteak neurtzeko tresna bat da. Horren bitartez kalteak eragin baino lehen proiektu edo plan bat atzera bota daiteke. Baina azken hilabetetan nahikoa polemika sortu da Tarragonako Castor plataformari baimenak eman aurretik egindako Ingurumen Inpaktuaren Balioespenean ez zirelako orain agerian geratu diren lurrikarak aztertu.