Albisteak

Gurutzadetan eta Zetaren Bidean barrena RNA birusen eskutik
Sekuentziatu berri den RNA birus baten genoma zaharrak birusak Europaren historia hurbilean barrena izan duen ibilbidea agerian utzi du

2014/02/07

Iruzkinik ez
bisita

Zientzialariek RNA genoma zahar bat sekuentziatu ahal izan dute lehen aldiz. DNA genoma zaharrak aurretik ere sekuentziatuak izan dira baina RNA askoz  azkarrago degradatzen da, eta horrek zaildu egiten du sekuentziazioa. Garagarraren BSMV birusaren sekuentziazioarekin ezagutu ditugu birusaren adina eta birusaren hedapenak Europa bigarren milurtean zehar kolpatu zuten gertaera historikoekin izan zuen lotura.


Gurutzadetan eta Zetaren Bidean barrena RNA birusen eskutik
Al Mansurah-ko bataila 1250 urtean, Luis IX erregeak gidatutako VII gurutzadan

Garagarraren BSMV birusa 1950ean aurkitu zen eta laborean eragiten dituen sintomen lehen erreferentziak XX. mende hasierakoak dira. Birusaren genoma zaharra berreskuratu da Egiptoko Qasr Ibrim aztarnategian aurkitutako 750 urteko garagar ale batetik.  Egundaino birusaren adina 150 urte ingurukoa zela estimatzen zen; halako ale zahar batean birusaren genoma aurkitzeak, beraz, birusa uste baina askoz zaharragoa dela ondorioztarazten digu. Mutazio-tasak kalkulatzeko erreferentzia gisa erabili dute genoma zahar hori eta hala, kalkulatu ahal izan dute BSMV birusaren adina 2000 urtekoa dela gutxienez. Hala ere, baliteke birusa are eta zaharragoa izatea, izan ere, gizakiak garagarra duela 11.000 urte etxekotu zuen.

Ikerketaren buru izan den Robin Allaby-k (Warwick-eko Unibertsitatea, Ingalaterra) adierazi duenez, “zaila da birus baten historia ebolutiboari buruz sakon ikertzea lagin modernoak erabiliaz. 750 urteko adina duen lagin batekin, ordea, mutazio-tasak eta birusaren eboluzioari dagozkion bestelako aldagaien inguruan kalkuluak egiteko aukera dugu”. Baliteke, baita ere, ustez gazte samarrak diren beste zenbait birus ere uste baina zaharragoak izatea.

Scientific Reports aldizkarian argitaratu den genoma zaharrak birusak Europan zehar egindako ibilbidearen berri ere eman digu. Hala, ikerlariek behatu dute BSMV birusa Egiptoko aztarnategira Europatik Ekialde Hurbilean zehar zabaltze azkar baten ondorioz iritsi zela. Birusaren bidaia horren datak bat datoz, hain zuzen ere, Lur Santua kristauentzat berreskuratu asmoz Europatik egin ziren gurutzadekin. Ikerlarien aburuz, gerra horiek sustatzeko Europan egin zen nekazaritza intentsiboak birusaren barreiapena eragin zuen.

Are gehiago, RNA genoma horrek ere nabarmendu du XV. mendearen amaieran BSMV birusaren bi azpipopulazio desberdindu zirela Europako ekialde eta mendebaldearen artean. Desberdintze horretan ikerlarien ustetan zerikusia izan dezake mongolen inperioak ehun urte lehenago Zetaren Bidea indartzeak. Bada bestelako gaixotasunak, izurri beltza esaterako, Europara merkataritza-bide horren bidez iritsi zirela baieztatzen duen hipotesirik.

Azkenik, Europatik Ameriketarako jauzia duela 120-150 urte inguru egin zuela ere ondorioztatu dute ikerlariek. Bitxikeria eta data historikoez haratago, “birus mota desberdinek duten eboluzioaren argazki zehatza eskuratzea oso garrantzitsua da kudeaketa-politika egokiak aurrera eramateko”, baieztatu du Allaby-k.


Estekak

Jatorrizko publikazioa

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...