PP, PSOE eta PRC alderdien babesarekin lurpetik gasa erauzteko Fracking teknika debekatzen duen legea adostu dute Kantabrian. Gogora dezagun fracking-a debekatzeko antzeko eskariak egin dituztela Nafarroan eta Araban ere.
Fracking-a lur barnean 5000 metro inguruan dauden harrietako milaka poro mikroskopikoetan dagoen gasa erauzteko teknika bat da. Horretarako harri horiek birrindu egin behar dira, eta hori bertara ura eta ehunka produktu kimiko presio handian sartuz lortzen dute.
Prozedurak arrisku handia dauka: lurzorua urratu eta arrakalak sortu daitezke, lurrean zulo izugarriak ireki daitezke, askotan gertuko akuiferoak kutsatzen dira... Gainera, erauzketa egiteko putzu bakoitzak berorren inguruan 2 hektarea zementatzea eskatzen du, inguruko lur guztiak desjabetuz, basoak moztuz eta bertako fauna aldeginaraziz.
Gizakiaren osasunean ere eragin handia izan dezake honek. Izan ere akuiferoak kutsatuta ondoko erreka eta ibaiak eta, azken finean, gizakiak edateko erabiltzen duen ura kutsatzeko arrisku handia dago.
Euskal Herrian Araba hegoaldean eta Nafarroa erdialdean burutzeko asmoa dute. Areago, dagoeneko lehendabiziko prospekzioak egin dituzte. Bada, teknika honek dituen arriskuak bai eta nazioarteko adituen kontrako iritzia aintzat hartuz gobernuei Kantabriaren eredua jarrai dezatela eskatu diete Nafarroan eta Araban.
Comments (1)
asier
reply