Nagiek euren bizitzaren zati handi bat igarotzen dute zuhaitzetako adarretatik zintzilik buruz behera jarrita. Gizakiok, eta buruz gora bizitzeko moldatuta dauden beste hainbat eta hainbat espeziek, arazoak izaten ditugu denbora luzez buruz behera egoteko, barne-organoek diafragma presionatzen digutelako, arnasketa zailduz. Bada, ingalaterrako ikerlari batzuek nagiek buruz behera arazorik gabe arnasteko gaitasunaren nondik-norakoak azaldu dituzte.
Munduan sei nagi espezie daude, eta Hego eta Ertamerikako oihanetan bizi dira guztiak. Ia bizitza guztia zuhaitzetan igarotzen dute, eta denbora horren zati handi bat adarretatik eskegita buruz behera, gainera. Buruz behera daudela nagiek ez dute arnasketa-arazorik izaten, Swanseako unibertsitateko ikerlariek aurkitu dutenez, gibela eta urdaila behe-saihetsetara lotuta dauzkatelako. Era horretan, organo horiek ez dute diafragman presiorik eragiten, eta birikek normal funtzionatu ahal izaten dute.
Ikerlariek lotura berezi horiek zenbat energia aurrezten laguntzen dien ere estimatu dute. Izan ere, organoak saihetsetara lotuta izango ez balituzte, birikek urdailaren eta gibelaren pisu guztia altxa behar izango lukete arnastu ahal izateko. Saihetsetara lotuta izanda, ordea, energiaren %7 eta %13 artean aurrezten dutela estimatu dute ikerlariek. Nagiek oso metabolismo geldoa dute eta eboluzioan zehar energia ahalik eta gehien aurrezteko moldapenak garatu dituzte. Horietako bat da urdaila eta gibela saihetsetara lotuta izatea, antza denez.
Jatorrizko publikazioa: Mitigating the squash effect: sloths breathe easily upside down