Albisteak

Txinpantzeen artean gerra zibila deklaratu zenekoa
40 urte bete berri dira gizakia ez den primateen arteko lehen gerra dokumentatu zenetik

2014/01/20

Iruzkinik ez
bisita

Godi gaztea Kahama bailarako bere taldekideetatik aparte samar zebilen arbola batetik jaten euren bizilagun ziren Kasakela klaneko zortzi kidek eraso egin ziotenean. Kasakelarren erasoa ez zuen usaindu ere egin Godik eta ezin izan zuen ezer egin bere burua defendatzeko. Halakoa izan zen hamar minutuz jaso zuen jipoia, zaurien ondorioz hil egin zela handik gutxira. 1974 urteko urtarrilaren 7a zen eta gerra piztu berri zen Gombe-ko Parke Nazionaleko (Tanzania) txinpantzeen artean.


Txinpantzeen artean gerra zibila deklaratu zenekoa
Gertutik jarraitu zituen Kahamako txinpantzeak Goodall-ek

I Mundu Gerraren atarian Franz Ferdinand Austria-Hungariako artxidukea Sarajevon erail zutenean bezala, casus belli izan zen Godiren heriotza Kahama eta Kasakela klanen artean lau urteko borroka pizteko. Hala ere, talde bien arteko hika-mikak lehenagotik hasiak ziren jada: 1972an Kasakela klaneko  ar batzuk taldetik banandu ziren eta hegoaldera jo zuten Kahama bailaran ezartzeko. Ipar-hego banaketa horrek talde bien arteko zalaparta sortu zuen, Godiren hilketarekin borroka odoltsu gisa lehertuko zena. Talde bietako kideek elkarri erasoka jarraitu zuten 1977an kasakelarrek Kahama bailarako klaneko ar guztiak hil zituzten arte.

Kahamako txinpantzeak aztertzen zituen, hain zuzen ere, Jane Goodall primatologo ospetsuak eta lehen aldiz zientifikoki jorratu zen primateen arteko horren berri eman zuen 1986an kaleratutako liburuan. Biziki txunditu zuten Goodall txinpantzeek erakutsi zuten krudeltasun eta biolentziak. Normalean patxadatsu eta atsegin jokatzen zuten hainbat ale ikusi zituen etsaiak harrika jipoitzen, larrutzen, euren odola edaten, umeak jaten …

Urte luzetan komunitate zientifikoak ez du jakin nola interpretatu urte horietan Gombe-n pasa zena. Goodall-ek urte luzetan janariz elikatu zituen txinpantzeak bertan eta bada gertaera haiek kanpotik sartutako baliabide gehigarri horiei egozten dienik. “Hala ere, urteen poderioz ikusi dugu halako gatazkak hornidura gehigarririk gabe ere gertatzen direla”, baieztatu du Wolfgang Köhler Primatologia Zentruko (Leipzig, Alemania) Josep Call ikerlariak. “Lehen aldia izan zen  taldeen arteko gatazka era hain basatian behatu zena, baina urteetan zehar halako gertaerak gehiagotan ikusi dira”.

Gaur egun halako jokamoldeak esplikatzeko erabiltzen den azalpena lurralde-hedapenarena eta horrekin eskuratzen diren baliabide gehigarriena da. Horren adibide, Kibale-ko Parke Nazionalean (Uganda) 150 txinpantzeko osatutako komunitate erraldoian 18 eraso hilgarri kontatu dira eta erasotzaileek, lurraldea handitu egin zuten, horrela.

Ikerketa horren egile izan zen John Mitali-k (Michigango Unibertsitatea, AEB), ordea, ez du gustuko “gerra” hitza erabiltzea halako jarduerak deskribatzeko. “Uste dut gizakiok egiten dugun gerra oso desberdina dela txinpantzeek elkar hiltzen dutenekoaren aldean”, dio ikerlariak. “Era berean, gogoratu behar da bestelako animalia askotan ere behatu direla halako jokamoldeak, inurrietan esaterako.

Goodall-ek bere liburuan bildu bezala, “urte luzetan txinpantzeak gurekiko oso antzekoak zirela iruditu izan zaidan arren, pentsatu izan dut gu baina onberagoak direla. Bat-batean, konturatu nintzen baldintza batzuetan gu bezain basati joka dezaketela, eta horrek mina ematen du”.

Iturria: Materia

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...