Albisteak

Txoririk gabeko zeruak
Habitaten galerak hegaztien kontserbazioa kinka larrian jartzen du

2012/06/11

Iruzkinik ez
bisita

BirdLife International erakundeak egin berri duen ikerketa baten arabera, mundu mailan hegaztien %13 desagertzeko zorian dago. Egoera tamalgarri honen arrazoi nagusia hegaztientzako aproposak diren habitaten galera da, eta azken honen arrazoia nagusia, gizakia.


Txoririk gabeko zeruak
Dupont hegatxabala I Iturria: Juan M. Simon

Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batasunaren Zerrenda Gorria hizpide hartuta, BirdLife International erakundeak mundu mailako hegaztien populazioen ikerketa orokor bat egin berri du. Ikerketa honen emaitzak argi erakusten du hegazti populazioen beheranzko joera; munduan 1.313 hegazti espezie daude desagertzeko zorian, hegazti espezieen %13 hain zuzen ere.

Bilakaera negatibo honen arrazoia ez zaigu arrotza: gizakiaren esku hartzea, nahiz eta ez den arrazoi bakarra. Hegazti espezie asko erraz egokitzen dira inguru baldintza berri edo desberdinetara, baina beste batzuk ordea, oso espezifiko eta espezializatuak dira, eta beraz leku jakin batzuen menpe bizi dira. Leku hauek desagerrarazten badira, urbanizazioa, deforestazioa edo dena delakoa dela medio, hegazti espezie horiek ez dute etorkizunik izango. Hori da hain zuzen ere gertatzen dena, beren habitatak suntsitzen ari direla eta geroz eta leku gutxiago dituztela bizitzeko, edo hobe esanda, bizirauteko.

Habitaten galera hori ez da gizakien esku hartze zuzenagatik soilik ematen. Espezie inbaditzaileak ere badute zerikusia, BirdLife erakundearen hitzetan. Hauek habitat berri batera iristen badira (gizakiak eramanda oro har) gerta daiteke bertan ordura arte bizi ziren espezieak baino hobeto moldatzea lekura eta konpetitiboagoak bihurtzea, lehenak desagerraraziz.

Ikerketak dioenez, desagertzeko zorian dauden 1.313 espezie horietatik 197 arrisku egoera kritikoan daude jadanik, eta epe laburrean desagertuko direla aurreikusten da. Arriskuan dauden espezieen gehiengoa irletan kokaturik dago, biogeografiaren teoriak azaltzen duen gisara, eta horregatik dira ekintza kontserbatzaileak aurrera eramateko lehenesten diren lekuak.

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...