Albisteak

Aitarik gabeko sugekumeak
Suge partenogenetikoak uste baino arruntagoak dira

2012/09/14
Antton Alberdi
Iruzkinik ez
bisita

Partenogenesi izena ematen zaio ar baten beharrik gabe emeak kumeak izateari, eta horixe bera da Amerikako Estatu Batuetako krotalo suge basatietan aurkitu berri dutena. Partenogenesi fakultatiboa ohikoa da ornogabe askotan, eta  hainbat ornodunetan ere gertatzen da: etxe-oiloetan, hainbat muskerretan, suge gutxi batzuetan eta marrazoetan, besteak beste. Kasu ia guztietan, ordea, gatibutzan zeuden animalietan deskribatu da fenomenoa. Tulsako Unibertsitateko (Oklahoma, AEB) ikerlariek, ordea, Crotalinae familiako sugeetan fenomenoa uste baino askoz ere arruntagoa dela azaldu berri dute.


Aitarik gabeko sugekumeak
Argazkia: C Smith & P Eskridge

Partenogenesian obulua espermatozoideak ernaldu gabe garatzen da. Beraz, kumeek amaren informazio genetikoa berenganatzen dute: genetikoki amaren berdin-berdinak dira, beraz. Ugalketa sexualean, aldiz, aitaren eta amaren informazio genetikoa nahasten da, eta kumeak bien arteko nahasketa dira, horrenbestez. Ugalketa sexuala organismoen eboluzioan berebiziko garrantzia duen fenomenoa da, belaunaldien aldakortasunaren sortzaile nagusia baita.

Ikerlariek bi suge espezietako dozenaka amaren eta kumeren informazio genetikoa aztertu dute, eta aztertutako populazioetan jaiotako kumeen % 2,5-5 partenogenesi bidez jaio direla ondorioztatu. Kume partenogenetikoen proportzioa handia da, beraz. Ikerlariek, ordea, ez dakite oraindik emeak gai diren ugalketa mota aukeratzeko edota zoriaren ondorioa den kumeak sexualki edo asexualki sortzea.

Ugaztun plazentalioetan fenomeno hori gertatzea ia ezinezkotzat jotzen da, ugaztunek inpronta genetikoa ezinbestekoa baitute ugaltzeko. Hau da, bi sexuak ezinbestekoak dira enbrioiak garatzeko.

Iturria: BBC Nature

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...