Albisteak

Alfred Russel Wallace-en eskutitzak, itzalean gelditu zen naturalistaren ondarea
Darwinekin batera hautespen naturalean oinarritutako espezieen eboluzioaren teoria aurkeztu zuen pentsalariaren milaka eskuizkribu eskuragarri daude sarean

2013/01/29

Iruzkinik ez
bisita

Charles Darwin-ek Beagle itsasontzian egindako bidaian espezieen jatorriari buruzko hautespen naturalaren teoria mamurtzen zuelarik, Alfred Russel Wallace naturalista galestarrak (1829 – 1913) buruhauste bera zerabilen buruan: Darwinen aitonak jadanik irekita utzi zuen atea, espezieen transformazioarena, nola borobildu naturako espezie-aniztasunaren jatorria azaltzeko. Munduan zehar eginiko hainbat bidaietan ebidentziak han-hemenka bildu ondoren, Darwin-ekin batera hautespen naturala ardatz duen espezieen eboluzioaren teoria aurkeztu zuen. Hala eta guztiz ere, Darwinen aldean zuen estatus zientifiko eskasa kausa agian, bere ekarpena bigarren maila batean gelditu da. Wallace-n heriotzaren 100. urteurrena bete den honetan pentsalariaren gogoetak biltzen dituzten milaka eskutitz argitaratu dira.


Alfred Russel Wallace-en eskutitzak, itzalean gelditu zen naturalistaren ondarea
Alfred Wallace-en ekarpena ez da hautespen naturalaren eta eboluzioaren teoriara mugatzen

Wallace Letters Online atarian biltzen dira aipatutako testuak, Londreseko (Ingalaterra) Historia Naturalaren Museoaren webgunearen baitan eraiki dena. 4000 eskutitz inguru biltzen dira bertan, bai Wallace-ek beste pentsalariei bidali zizkienak eta baita Wallace-ek horiengandik jasotakoak ere. Datu-basea erabat esploragarria da eta eskutitzen transkripzioez gain idazkien bertsio digitalizatuak daude. Datu-base hau Wallace100 gisa izendatu den ekitaldi-sorta baten baitan antolatu da, zeinak zientzialariaren heriotzaren 100. urteurrena ospatzea duen xede.

Hautespen naturala eta Darwin hain daude hertsiki erlazionturik maiz Wallace-en ekarpena ez dela aintzat hartzen. Hala ere, datu-base honekin bi pentsalari horien arteko erlazioa gerturatu nahi zaie zientzialariei eta historialariei. Proiektuaren zuzendari den George Beccaloni-k adierazi bezala, “Darwin eta Wallace-en arteko korrespondentzia argitaratzen den lehen aldia da”.

Darwin-ek 1859an Espezieen Jatorria argitaratu zuenean zalantzak ziren bere postulatuak naturan ikusten ziren zenbait fenomeno azaltzeko gai izango ote ziren. Planteatu zen enigmetako bat animalien pigmentazioarena izan zen, hau da, posiblea al zen hautespen naturalaren bidez zenbait espeziek agertzen zituzten pigmentazio biziak azaltzea? Wallace Letters Online atarian argitaratutako zenbait eskutitzek galdera horri erantzuna ematen diote. Biogeografiaren, ekologiaren eta astrobiologiaren inguruan Wallace-ek egin zituen bestelako ekarpenen inguruan badira zenbait testu. Datozen hiru urteetan datu-basea hedatu nahi du Londreseko Historia Naturalaren Museoak, eskura dituzten testu guztiak argitaratu arte. Beccaloni-k baieztatu bezala, “espero dugu eskutitzen argitarapenak Wallace-en inguruko ikerketaren loraldia piztea”.

Iturria: Nature

Estekak

Wallace Letters Online
Wallace100

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...