Alkohola egun gizatalde eta kultura askoren parte da, izan ere, ardoa, garagardoa edota likoreak mende luzetan zehar ekoiztu ditu gizakiak. Bestalde, alkohola naturalki presente duten elikagaiak ere badira. Dela elikagai gisa edota dela plazerrerako eta desinhibiziorako aitzakia, munduan milioika norbanako dira alkoholaren zaporearen jakitun. Alkoholaren kontsumoa uste daitekeena baina zaharragoa da, ordea. Proposatu berri denez alkohola metabolizatzeko gaitasunak gorilen, txinpantzeen eta gizakion arbaso komunak duela 10 milioi urte eboluzionatu zuen garaian izan dezake jatorria.
Gizakiok 4-alkohol deshidrogenasa (ADH4 ingelesezko sigletan) darabilgu etanola metabolizatzeko. Entzima hau ugaria da hestegorrian, urdailean eta hesteetan, alkoholak gure gorputzean topatzen dituen lehen guneetan alegia. Primateen artean ADH4 forma guztiak ez dira berdinak, are gehiago, badira zenbait espezie etanola metabolizatzeko gaitasunik ez dutenak. Steven Benner kimikariak (Eboluzio Molekular eta Aplikaturako Fundazioa, AEB) gidatutako lantaldeak desagerturik diren primateek alkoholaren metabolismorako zituzten geneen sekuentziak estimatu ditu. Horretarako, egun bizirik diren 27 primate espezieren DNA aztertu dute, lemurretatik hasi eta gizakiraino. Genoma horietako ADH4 geneen sekuentzian oinarrituz, gai izan dira primateen arbola ebolutiboa eraikitzeko eta gene horiek iraganean eta arbolako adarretako bakoitzean izango zituzten sekuentziak ebazteko. Ez hori bakarrik, estimatutako proteina horiek laborategian berreraiki dituzte euren funtzionamendua aztertzeko.
Otsailaren 15ean Estatu Batuetako Zientziaren Aurrerapenerako Elkartearen urteroko biltzarrean aurkeztu zituen emaitzek adierazten dute primateon arbaso gehienak ez liratekeela etanola metabolizatzeko gai izango. Baina gorilen, txinpantzeen eta gizakion leinuaren adarrean, duela 10 milioi urte bereizi zena, ADH4 proteinak alkohola oso efizienteki metabolizatzeko gai zen entzima izatera eboluzionatu zuen. “Beste primateen ADH4 entzimen aldean 50 aldiz efizienteagoa zen gure leinuan garatu zena”, adierazi du Benner-ek, “eta gai izango litzateke egungo edari alkoholdunetan daudenen pareko etanol kontzentrazioak prozesatzeko”.
Bai gorilek, bai txinpantzeek eta baita gizakiok ere hein handiago ala txikiagoan lurzoruko bizitza egiten dugu. Horren harira, Benner-en porposatu du gure leinuak duela 10 milioi urte inguru utzi zuela arboletako bizitza. Lurzoruko bizitzagatik gure arbasoek zuhaitzetatik eroritako frutak aurkitzeko probabilitate altuagoa izango zuketen eta erorketak sortutako kolpe eta zauriengatik fruta horietan legamiak haziko ziratekeen. Legamiek frutaren azukreak kontsumituko zituzketen hartzidura alkoholikoz eta ondorioz, fruta horiek etanola izango zuten. Horregatik, alkohola metabolizatzeko gaitasuna zuten gure arbasoek bizirauteko aukera gehiago izango zituzketen alkoholarekiko intoleranteak ziratekeenen aurrean. Arrazonamendu honekin ere azal daiteke zergatik arboletan bizi diren beste primate-leinuetan, esaterako, orangutanenean, ez den alkohola metabolizatzeko gaitasunik garatu, izan ere, animaliok hartzitutako fruta aurkitzeko aukera gutxiago dute zuhaitzetan.
Eztabaida piztu dute Benner-en baieztapenek. “Alkohola metabolizatzeko gaitasunaren sorrera lurzoruko bizitzaren agerpenarekin lotzea urrutitxo joatea izan liteke”, Jeremy DeSilva antropologoaren (Bostongo Unibertsitatea) iritziz. “Fosil erregistroa eskas samarra da gorilen, txinpantzeen eta gizakion arbaso komuna bizi izan zen garaia ikertzeko”. Beraz, zaila da ebaztea arbaso komun hura zuhaitzetan bizi zen ala lurzoruko bizitza ere bazuen.
Comments (1)
Ibon Aristi
A ze komeriak. Ez nuen sekula planteatu, baina, uste nuen primateok alkohola erateko arazorik ez genuela, hainbat baitira fruitua heldutzen denean alkohola sortzen zaien fruituak, hemen gurbitza esaterako. Gainera, entzuna nuen, naturan hainbat animaliak bilatzen dituztela gai hauek, izan psikotropiko edota izan pixgarri...
Dena den, hori ez dakit tropikoetan horrela den, eta are gutxiago, hauek planteatzen duten moduan, primateen lurzoruko bizitzarekin lotzeko nahikoa arrazoi ote den.
Hausnartzeko gaia inondik ere, patxaran kopa batekin edo...
reply