Albisteak

Azken neanderthalaren bila
Iberiar Penintsulako Neanderthalen fosil modernoenen datazioa atzeratu egin da

2013/02/06

Iruzkinik ez
bisita

Homo neanderthalensis Europan bizi izan zen 50.000 urtez Erdi Paleolitoan, Afrikatik iritsitako gizaki modernoak Europa kolonizatu zuen arte, hain zuzen ere. Arkeologo askoren iritzia izan da urtetan azken neanderthalak Iberiar Penintsulan bizi izan zirela, adibidez, Gibraltarko Gorham haitzuloan topatutako arrastoetan oinarrituta. Neanderthalei esleitutako aztarna horien adina 30.000 urte baina gutxiagokoa zela ebatzi zuten karbono-14 bidez egindako neurketek. Orain, analisi horiek findu egin dira eta dirudienez aztarna horiek 10.000 urte zaharragoak dira. Baliteke, beraz, Europan bizi izan zen azken neanderthala iberiarra ez izatea.


Azken neanderthalaren bila
Gorham haitzuloan aurkitu ziren egundaino eskura genituen neanderthalen aztarna modernoenak

Neanderthalen desagerpena ikertzen duen hainbat ikerlarik aldarrikatu du azken urteotan eskuragarri genituen neanderthalen fosil modernoenak karbono modernoarekin kutsatuta zeudela eta, ondorioz, fosil horien adina uste baino zaharragoa zela. Oxfordeko Unibertsitateko (Ingalaterra) Tom Highman arkeologoaren taldeak metodologia berria garatu du Iberiar Penintsulan barrena aurkitu diren neanderthalen hainbat aztarnatatik karbono modernoaren kutsadura ezabatzeko eta erregistro hori zehazki datatzeko. Metodologia bera aplikatu dute, besteak beste, ebazteko gizaki modernoa Britainia Handira duela 40.000 urte iritsi zela, egun uste zena baina 10.000 urte lehenago.

Neanderthalen harira, Iberiar Penintsulako 11 aztarnategitako laginetan aplikatu dute euren metodologia. Zoritxarrez, soilik bi aztarnategitako laginek azaldu zuten euren tratamenduarekin datazioa egiteko nahikoa karbono, Jaramako eta Cueva del Boquete de Zafarrayako aztarnategietakoek, hain justu. Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkarian kaleratu gisan, aurretiaz 36.000 urtetako adina esleitua zuten aztarnek izatez 45.000-50.000 urte dituzte. Aurkikuntza horrek zinez zalantzan jartzen du Europako neanderthalen azken populazioak Iberiar Penintsulan babestu zirenaren teoria.

Paleoantropologian ohikoa denez, eztabaida piztu dute emaitzok. Gibraltarko Museoko Clive Finlayson-ek, Gorham haitzuloa induskatu zuen taldearen buru denak, adierazi duenez “zaila da bi puntutako laginak aztertuta Iberiar Penintsula guztian gertatu zena estrapolatzea”. Highman-ek aztertutako bi puntuak altitude handi samarrean daude eta zaila da pentsatzea glaziazio baten atarian zen Europan bizitoki egokiak zirela. Hala ere, neanderthalen azken bizilekutzat jo izan diren Finlayson-ek aztertutako aztarnategi epelagoetan kolagenoaren kontserbazioa txarragoa izaten da. “Emaitza gehiagoren esperoan gaude biok”, adierazi du Finlayson-ek.  Zalantzarik gabe, aztarnategi gehiagotako datuak bildu beharra izango da neanderthalek azken hatsa Iberiar Penintsulan eman zuten ala ez ebazteko.

Iturria: Nature

Estekak

Jatorrizko publikazioa

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...