Orain arte zakurrak Asian sortu zirela uste zen, baina Science aldizkarian argitaratu berri den ikerketa baten arabera otsoak eta zakurrak Europan banandu omen ziren. Ikerketak, halaber, banantze hori uste baino lehenago gertatu zela dio.
Kaliforniako Unibertsitateko ikerlariek otso eta zakur fosiletatik erauzitako DNA mitokondrialak aztertu eta egungo espezieen DNArekin alderatu dituzte. Emaitzen arabera egungo zakurrak eta lehengo otsoak uste baino antzekoagoak dira. Antzekotasunak nabarmenagoak dira zakurren eta Europan bizi izandako otsoen artean.
Gainera, otsoak eta zakurrak duela 18.000 eta 32.000 urte bitartean banandu zirela kalkulatu dute. Horrek otsoak nekazaritza sortu zenean etxekotu zirela dioen teoria ukatzen du eta gertaera hori gizakiak ehiztari-biltzaile gineneko garaian kokatzen du.