Aste honetan Science zientzia-aldizkaria publikatu dutenez, Ozeano Pazifikoko hainbat uhartetan gertatzen ari den erleen heriotza masiboen erantzulea aurkitu dute: birus-akaro binomio hilgarria, hain zuzen. Varroa generoko akaroak erleen kanpo-parasitoak dira, baina akaro hauen eragin kaltegarria nagusia euren hemolinfan daramaten birus-karga handia da, erleen heriotza eragiten duena.
Gizakiaren eraginez, Varroa generoko akaroak duela bost urte iritsi ziren Hawaii uharteetara Kaliforniatik, eta hedatu besterik ez dira egin azken urteotan. Akaro horiek erleen kanpo-parasitoak dira eta varroatosi izeneko gaitza eragiten diete. Hainbat erle-populaziok akaro horiekiko erresistentzia garatu dute, baina akaroekin kontakturik izan ez duten populazioak guztiz zaurgarriak dira. Hori da, hain zuzen Hawaiiko hondamendiaren arrazoietariko bat: erleak ez dira Varroa akaroei aurre egiteko gai, eurekin kontakturik inoiz izan ez dutelako.
Akaroek erleen azalean zauria egin eta horien hemolinfaz elikatzen dira, baina Sheffield-eko Unibertsitateko zientzialariek azaldu dutenez, erleen heriotza ez da zauri horien eraginez gertatzen, akaroek erleei transmititzen dizkien birusengatik baizik. Birusak ez die akaroei eragiten –bektore soilak dira-, bai ordea, erleei, euren zelulen funtzionamendua eraldatzen baitute. Badirudi, gainera, birus horien transimsioa akaroen bitartez soilik gertatzen dela.
Hawaiiko gertakari honek agerian uzten du gizakiak nahita edo nahi gabe egiten dituen hainbat translokaziok (espezieak leku batetik bestera mugitzera) eragin ikaragarria izan dezaketela beraiekin elkarbizitzera moldaturik ez dauden espeziez osaturiko ingurune berrian.