Albisteak

Bizitzak jatorri estralurtarra izan dezake
Lur planetako bizitza izarretako planeta atzerritar batetik etorri izanaren orain arteko ebidentziarik handiena publikatu da

2012/10/03

Iruzkinik ez
bisita

Irailean Astrobiology aldizkarian publikatu berri den artikulu batek litopanespermiaren frogarik indartsuenak argitaratu ditu. Egileen arabera, lur planetako bizitzak jatorri estralurtar bat izateak oinarri handi bat izan dezake, eta unibertso osoan zehar errepikatu izan den fenomenoa dela azpimarratu.


Bizitzak jatorri estralurtarra izan dezake
Argazkia: French Tribune

Aspalditik galdetu izan dute biologo eboluzionistek, nola sortu zen bizitza lurrean. Gehienentzat, konposatu biokimikoen elkarrekintza lurtiar baten osteko produktua da. Sorturiko izaki honek gainerako guztiak ematen eboluzionatuko luke. Dena den, jatorri estralurtarreko gorputzen batek, meteorito moduko batek edo, lur planeta bizitzaz erein izanaren idea ere planteatu izan da. Honek, aurreko hipotesiarekin batera, bizitzaren funtzio eta kode asko berdinak izatearen arrazoia argituko luke gainera.

Teoria bihurri honi litopanespermia deritzo, eta modu batean honela irakur daiteke “ororen harrizko hazia”. Honen arabera, sistema honetatik kanpo geratzen zen planeta bizidun baten eztanda (edo talka) baten ondorioz, bizia zuen zatiren bat lurrera iritsiko zen eta bertan bizidunak ekarri. Dena den, izarretako gorputz honek baldintza batzuk bete behar ditu, (1) jatorrizko planeta bizidun batetik zati bat jaurtitzea, (2) espazioan zehar bidaiatzea, eta (3) beste sistema bateko planeta batean lurrartzea. Eta hau guztia gutxi balitz, pausu guztietan garraiatua den bizidunak biziraun beharra du planeta berria “erein” behar badu behintzat.

Lehenak, bi gorputz espazialen talkaren edo eztada bolkaniko baten ondorioz gerta daiteke, bizia duen planeta bat eta meteorito bat kasu. Bi gorputz hauek nahikoa handiak izan behar dute, edo behintzat indar handiarekin kolpatu, bizia duen gorputzeko zati bat jaurtikitzeko, eta jakina da sistema gazteetan hau nahikoa ohikoa den kasua dela. Bigarrenari dagokiola, berriz, esperimentu batzuk frogatua dute bakteria eta arkeo estremofilo batzuen biziraupena espazio zabaleko baldintzapean. Dena den, hirugarren puntua zen zientzialarien eszeptisismo handiena pizten zuena. Izan ere, gorputz hauek oso abiadura handian iritsi ohi dira, eta honek biziraupenaren probabilitatea ia hutsean uzten zuten.

Princetongo unibertsitateak, Arizonako unibertsitateak eta Espainiako Astrobiologiako zentroak baina, berriki argitaratu duten Astrobiology artikuluan, azken puntu honi erantzun onargarriago bat eman diote. Hauen lanaren arabera eguzki sistemaren infantzian Lurra eta gainerako planetak beste izar batzuengandik nahikoa hurbil orbitatuko zuten euren arteko material solido ugariren transferentzia bermatu eta probabilitatea emendatzeko. Eginiko ikerketan, abiadura moteleko prozesu bat kontsideratu dute litopanespermiarako, eta frogatu dute aurretik uste zena baino abiadura motelagoetan gorputz batek sistema bateko grabitatea gaindi zezakeela eta beste bateko grabitateak erakarria eta bereganatua izan. Modu honetan, gainera, aurreko abiadura hau 50 bat aldiz moteldu dute, gutxi gorabehera 100 m/sko.

Ikerlarien arabera, gure eta beste eguzki sistematik atera ziren 10.000 gorputzetatik gutxienez 5-12k oso aukera handiak izango lituzkete beste sistema batek harrapatua izateko. Aurretik eginiko simulazioek zioten milioi bat gorputzetatik bakar batek zuela aukera hau. Belbrunok, lanaren autoreetako batek, dio litopanespermia oso gauza arrunta izan zela beraz, eta unibertsoan edonon gertatu daitekeela gaineratzen du. Beste autore batzuek gaineratu dute, abiadura moteleko gorputzen transferentzia hau gure eguzki sistemaren garapenarekin eta lur planetako bizitzaren sorrerarekin guztiz bateragarriak direla gainera.

Moro-Martinek azpimarratzen du, beraz, eurek eginiko lanak litopanespermia hipotesi bideragarri egiten duela.

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...