1953an Watson eta Crick ikerlariek informazio genetikoaren gordailu den DNAren helize bikoitzaren egitura argitaratu zuten. Aurkikuntza hark zientzia irauli zuen eta egungo biologia ulertzeko oraindik ere funtsezko zaigu. DNAren helize bikoitzak 60 urte bete dituen honetan giza zeluletan DNA helize laukoitzak aurkitu dira, G kuadruplexo gisa ere ezagutzen direnak genomaren eskualde horiek duten guanina proportzio altuagatik.
Nature Chemistry aldizkarian plazaratu dituzte emaitzak, ordenagailu bidezko modelizaziotik hasi eta biologia sintetikozko esperimentuetarainoko datuak biltzen dituztenak. Helize horien identifikazioaz haratago, egitura horiek minbizi-zelulak identifikatzeko erabili daitezkeela proposatu dute ikerlariek, helize laukoitz horien kontzentrazio altuak eta DNAren bikoizketa prozesua lotuta baitaude, tumoreetako minbizi-zelulen zelulen zatiketa mugagaberako funtsezkoa litzatekeena. Helize horiek molekula sintetikoekin harrapatuz gero zatiketa prozesu hori geldiarazi eta minbiziak aurrera egitea galaraztea posible izango denaren ustea dute ikerlariek.
Shankar Balasubramanian (Cambridge-ko Unibertsitatea, Ingalaterra) taldeburuak adierazi bezala, “helize laukoitzak blokeatuta minbizi-zelulen zatiketa gelditzea helburu zirraragarria da oso. Gure ikerketak diosku kuadruplexo horiek minbizi-zelulen gisan azkar zatitzen diren zeluletan proportzio altuagoetan agertzen direla eta horrek minbiziari aurre egiteko estrategia berriak garatzeari bide eman diezaioke”. Bazen DNA helize laukoitzen berri lehenagotik ere. In vitro eginak ziren hainbat ikerketa non DNA helizeek egitura berezi hori hartzen zuten. Hala ere, molekularen bitxitasun bat besterik ez zela uste izan da beti eta ez zaio inolako funtziorik esleitu egundaino.
Ikerlariek DNA helize laukoitzen proportzioa altua den genomako eskualdeetara lotzen diren antigorputzek sintetizatu dituzte eta antigorputzok fluoreszentziaz markatuaz genomako eskualde horiek identifikatu ahal izan dituzte. Oro har zelula guztietan aurkitzeaz gain, helize laukoitzak DNAren bikoizketa egiten den S fasean ugaritu egiten dira. Minbiziaren ezaugarrietako bat tumoreetako zelulen zatiketa azkar eta mugagabea denez, DNA kuadruplexoak zelula horien zatiketa eteteko molekula sintetikoentzako itu gisa erabil litezke. Horrekin lotuta, ikerlariek lortu dute DNA kuadruplexo horiek zenbait molekula sintetikoren bidez blokeatu eta egonkortzea. Helize laukoitz horiek tumoreen garapena geldiarazteko itu izan daitezkeen, ordea, ikusteke dago.
Comments (2)
Ibon Aristi
Lehenik, DNA zaborraren berria, et orain, berriz, hau. Gure dogma guztiak pikutara doaz!
Biologia karrera ikasi beharko dugu berriz ere horrelako gauzetaz eguneratzeko...
reply
Antton Alberdi
reply