Albisteak

Eboluzioa zuzenean: bakterioen adibide bat
Milaka belaunalditan zehar gertatutako bakterio-populazio baten eboluzioa aztergai

2012/10/05

Iruzkinik ez
bisita

Eboluzioaren teoria iritzi eta argudio sasizientifikoek ezbaian jarria dute azken urteotan. Espageti-munstro hegalariek eta diseinatzaile inteligenteek ebidentzia zientifikoaren aurka jo dute sutsuki. Hamaika dira mundu zabalean kreazionismoaren alde martxan diren ekimen eta aferak eta arrazoimenaren aurkako guda horretan zenbait bataila irabazi dituzte jada. Horren harira, eboluzioaren teoriaren aldeko hondar ale bat gehitzera dator Michiganeko Estatu-Unibertsitateko ikerlari talde bat: Escherichia coli bakterioa eboluzionatzen behatu dute.


Eboluzioa zuzenean: bakterioen adibide bat
Zitratoa kontsumitzeko gaitasuna eskuratu duen populazioa A3 matrazean

E. coli gizakiaren bidai lagun zaharra da, hesteetako mikrobio-florako espezie nagusietakoa izateaz gain biologia molekularrean, genetikan eta beste hainbat alorretan eredu gisa erabilia izan baita Theodor Escherich-ek 1885ean aurkitu zuenetik. Oraingo honetan, Zachary Blount eta Richard Lenski biologoek zuzendutako taldeak 25 urtetan zehar hazten izan den  E. coli andui bat miozenotik bakterio honek egin ez duena egiten behatu du, oxigenoaren presentzian zitratoa kontsumitzen, hain zuzen ere.

Nature aldizkarian argitaratu den lanean azaltzen duten bezala, karaktere berriak egun batetik bestera azaltzen diren arren karaktere horien oinarrian milaka bakterio-belaunaldiren eboluzio genetikoa dago. Hamabi matrazetan E. coli bakterioaren hainbat populazio hazi zituzten independenteki 56000 belaunalditan zehar eta glukosa kontzentrazio baxuarekin. Ondorioz, bakterioen populazioak apal samar mantendu izan ziren urte luzez. Hala ere, matrazetako batean bakterio populazioa izugarri hazi zela ikustean populazio horren azterketa genetikoa egin zuten. Emaitzek erakutsi zutenez, populazio horretako E. coli bakterioek hazkuntza-medioan ugaria zen zitratoa kontsumitzeko gaitasuna garatu zuten.

Oxigenoaren presentzian zitratoa kontsumitzeko gaitasun horren oinarrian dauden mutazio genetikoak ere karakterizatu zituzten, mutazio horiek hiru etapatan bilduz. Lehen fasean (20000. belaunaldiaren aurretik) zitratoa zelula barnera ponpatzeko proteina kodetzen duen genearen (Cis genearen) mutazio tasa emendatzea eragin zuen hainbat mutazio izan ziren. Bigarren fasea 31000-31500. belaunaldien artean gertatu zen eta Cis genea (duela 13 milioi urte translokazio baten ondorioz isildua suertatu zena) kopiatu eta jatorrizko gunetik gertu txertatu zen. Gisa horretan, bakterio populazioak zitratoa zelularen barnealdera ponpatzeko gaitasuna eskuratu zuen. Hirugarren eta azken fasean gene horren duplikazio gehiago eta zitratoaren prozesamendua baimendu zuten beste zenbait mutazio puntual gertatu ziren, zitratoan oinarritutako populazioaren hazkuntza masiboa eragin zutenak.  

Zitratoa prozesatzeko gaitasuna eskuratzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Biologia Ebolutiborako Max Planck Isitutuan (Plön, Alemania) diharduen Paul Rainey genetikari eboluzionistak baieztatu bezala, “E. coli bakterioarentzat zitratoa erabiltzeko gaitasuna eskuratzea  izaki zelulanitzentzat begiak edota hegoak garatzearen pareko berrikuntza da. Zinez eboluzioaren funtsera jo dute ikerketa honetan”. E. coli bezalako organismo sinpleen eboluzioa xehatzeak konplexutasun altuagoko organismoen eboluzioa ulertzen lagun dezake. Ez litzateke gutxi izango espageti-munstro hegalariak eta bestelako mamuak uxatzeko balioko balu.

Iturria: ScienceNews

Estekak

Jatorrizko publikazioa

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...