Albert Einstein (Ulm, Alemania, 1879 – Princeton, AEB, 1955) zientziaren historia garaikidea ulertzeko ezinbesteko figura da. Bere lanak fisika iraultzeaz gain filosofian ere eragina izan zuen eta zientzialari huts izatetik haratago, pentsalari gisa ere XX. mendeko erreferentzietako bat izan zen. Bere heriotzatik 72 urte igaro diren honetan zeresana ematen segitzen du bere etorriak. Orain, Einsteinen zerebroarekin egindako azterketa batzuen arabera bere adimen apartaren gakoetako bat zerebroko kortexaren konplexutasun handian egon daiteke.
Einstein hil eta berehala Thomas Harvey patologoak autopsia egin zuen bere gorpuarekin. Arreta berezia ipini zuen zerebroan, makina bat argazki atera zizkion eta 240 zatitan banatu ondoren formalinan kontserbatu zuen. Zati bakoitzetik ehun-laginak prestatu zituen mundu osoko adituek mikroskopioan azter zitzaten. Lehen analisi horiek ez zuten inolako berezitasunik behatu zientzialariaren zerebroan. Pentsa zitekeenaren aurka, gainera, Einsteinen zerebroaren tamaina Homo sapiens gizakion batez bestekoaren azpitik zegoen. Adinaren ondorioz gertatzen diren aldaketa tipikoak ere ikusi ziren, baina ez zen zientzialariaren adimen bikaina azal zezaketen ezaugarrien aztarnarik aurkitu.
1985ean zerebroarekin azterketa sakonagoak egin ziren, teknologiaren aurrerapenak hala baimenduta. Analisi berri haiek erakutsi zuten, besteak beste, Einsteinen zerebroan neurona bakoitzeko glia-zelula kopuru handia zegoela. 90eko hamarkadan kaleratutako beste lan batean, aldiz, azaldu zen zerebroko lobulu parietalean ez zuela ez zimurrik eta ezta operkulu izeneko egiturarik ere. Zimurrik ezak gaitasun espazial eta matematikoekin lotzen den zerebroaren eskualde horretan neuronen arteko konexioak erraztea eragin izan zezakeen.
Oraingo honetan Floridako Estatu-Unibertsitateko Dean Falk antropologoak Harveyk bere garaian egin zituen argazki haiek eskuratu eta Einsteinen zerebroko gailur eta zimurrak beste 85 zerebrorekin alderatu ditu. Bere hitzetan, “Einsteinen zerebroaren kortexeko konboluzio eta zimurren konplexutasuna oso handia da”. Brain aldizkarian kaleratu den lanean bildu bezala konplexutasun hori biziki handia kortex prefrontalean, lobulu parietaletan eta ikusmen-kortexean. “Kortex prefrontala bereziki garrantzitsua da esperimentuak diseinatzerakoan Einsteinek behar zuen abstrakzio ahalmen handia garatzeko”. Zimur eta konboluzio horiek eskualde horren azalera bereziki handia izatea eragin zuten, zeinak erlazioa izan zezakeen ikerlariaren adimenean.
Zientziaz haratago, Einstein ez zen besamotza, esaterako, musika-instrumentuak jotzekorakoan. Kaleratu berri diren emaitzen arabera, gorputzak emandako informazio sentsoriala kudeatzen duen kortex somatosentsorialean ezkerreko eskuari dagokion eskualdea ere bereziki garatua zuen. Horrek azal lezake Einsteinek biolina jotzeko zuen abilezia.