Albisteak

Emakumea zientzian: diskriminazioa zenbakitan
Azken urteotan egoera hobetu den arren, emakume zientzialariek diskriminazioa, soldata baxuagoak eta finantziazio murritzagoa pairatzen dituzte

2013/03/08

Iruzkinik ez
bisita

Zalantzarik ez da emakumeak genero-diskriminazioaren aurkako borrokan aurrerapauso handiak eman dituela. Zientzia eta ikerketa ez dira salbuespen eta iraganean gizonezkoena eta gizonezkoentzat soilik zen munduan bidea egin dute emakumeek. Hala ere, oraindik ere mundu osoko emakume zientzialariek erronka handiak gainditu beharrean dira. Hala erakusten dute, bederen, zenbait estatistikak.


Emakumea zientzian: diskriminazioa zenbakitan
Zientzialari emakumezkoek gizonezkoek baino soldata nabarmen eskasagoak dituzte

AEBko Zientziaren Fundazio Nazionalaren arabera emakumeek zientzia eta ingeniaritzako arloei dagozkien doktoretza-tesien erdia defendatzen duten arren zientzia-irakasleen %21 eta ingeniaritza-irakasleen %5 baino ez dira emakumezko. Zientzian ikusten den gizonezko eta emakumezkoen presentziaren arteko desberdintasunaren kausa garrantzitsuenetakoa da behin goi-mailako heziketa betetzen dutelarik zientzia uzten duen emakumeen proportzio altua.  2006an Londreseko Kimikaren Errege-Akademiak (Ingalaterra) egindako ikerketa batek erakutsi  zuenez doktoretza-ikasketetan murgildu berri ziren emakumeen %70ek ikerketarekin erlazionatutako ibilbide profesionala garatu nahi zuen. Ikasketen hirugarren urterako portzentaje hori %37ra erori zen, gizonezkoen artean %59an mantentzen zelarik. Biologian, esaterako, irakasle laguntzaileen %36 eta irakasle titular postuetarako hautagaien %27 besterik ez da emakumezkoa. Zenbaki apal hauen jatorrian, hein handi batean, zientzia uzten duen emakumeen portzentaje altua dago.

Familia bat osatzeko hautua da emakumezkoek zientzia uzteko beste kausa garrantzitsuetako bat. Doktoretza osteko ikerketan diharduten ikerlarien artean %20koa da zientzia uzten dutenen portzentajea eta zenbaki hori berdintsua da emakumezkoak eta gizonezkoak alderatuz gero. Haurrak dituzten ikerlariak soilik kontuan hartuz gero, ordea, zientzia uzten duten emakumezkoen proportzioak gizonezkoena bikoizten du. Ez hori bakarrik, zientzia ez uztea erabakitzen duten emakumezkoek euren lankide gizonezkoek baina haur gutxiago izaten dute, izan ere, 1,2 haur eta 1,5 haur izaten dute, hurrenez hurren.

2010ean AEBko Zientziaren Aurrerapenerako Elkarteak 1.300 laguni egindako galdeketaren ondoren emakumezkoen %52k euren ibilbide profesionalean zehar diskriminazioa pairatu zutela aitortu zuen. Galdera beraren aurrean, gizonezkoen %2k baino ez zuen baiezkoa eman. Espainian gizonezkoek irakasle titular postua lortzeko emakumezkoek baino 2,5 aldiz probabilitate altuagoa dute.

Desberdintasunak nabarmenak dira soldatetan ere. 2006an kaleratu zen ikerketa batean bildu zenez Europar Batasunean emakume ikerlariek bataz beste gizonezkoek baino %25-40 gutxiago irabazten dute sektore publikoan. Desberdintasun hori bereziki altua da astronomiarekin eta fisikaren erlazionatutako lanpostuetan. 2012an AEBko sei unibertsitateko 127 irakasleri gezurrezko bi curriculum luzatu zizkieten gezurrezkoa zen laborategiko lanpostu baterako hautaketa-prozesuan parte har zezaten. Curriculumak berdinak ziren, lanpostua eskatzen zuenaren izenean izan ezik: bata gizonezko bati zegokion (John), emakume bati bestea (Jenniffer). Irakasleek egindako ebaluazioaren arabera Johnek Jenifferrek baina 3.730 $ gehiago irabaziko lituzke lanpostu beragatik nahiz eta curriculum berdina izan.

Zenbait estatistika esanguratsu martxoaren 8 honetarako.

Iturria: Nature

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...