Albisteak

Espainiak ikerlari kopurua murriztu nahi du zientziaren kalitatea hobetzeko
Carmen Vela zientziarako estatu-idazkariak esanak Nature aldizkarian

2012/06/08
Antton Alberdi
Iruzkinik ez
bisita

Carmen Vela Espainiak zientziarako duen estatu-idazkariak artikulu bat idatzi du asteon Nature aldizkarian, Espainiako gobernuak etorkizun hurbileran erabiliko duen estrategiaren berri emanez eta hura defendatuz. Bertan aipatutako ideia nagusia Espainian ikerlari gehiegi daudela eta produkzio zientifikoa kalitate baxuegikoa dela izan da, eta horri buelta emateko ikerlari gutxiago baina ikerlari hobeak behar direla. Laster etorri dira han-hemengo ikerlarien erantzunak, bai Espainiakoak eta baita handik kanpokoak ere.


Espainiak ikerlari kopurua murriztu nahi du zientziaren kalitatea hobetzeko
Carmen Vela, zientziarako Espainiako estatu-idazkaria

Velaren iritziz Espainian ikerlari gehiegi dago. Datuak, ordea, ez datoz Velak esandakoarekin bat. OECD (Organisation for Economic Co-Operation and Development) erakundearen arabera 1000 lagunetik 7 ziren ikerlariak Espainian 2009an, Europako batasuneko batezbestekoa (6,9) baino apur bat gehiago eta OECDko estatuetako batezbestekoa (7,6) baino gutxiago. Finlandia zen denen buru 16,6-rekin. Azken bi urteetan zientziara eta berrikuntzara bideratutako diru kopurua %30 baino gehiago murriztu da Espainian, eta 2012ko zientzialari kopuruaren berri ez dakigun arren, ez da harritzeko 2009koa baino baxuagoa izatea. Zientziarako diru poltsa 2005ekoaren pare dago 2012an. Espainiako ikerlari gazte prekarioen elkarteak ere antzeko datuak jarri ditu mahai gainean, eta ikerlarien egoera bere horretan oso txarra dela salatu.

Velak adierazitako estrategia laguntza kopurua murriztu eta ikerlari gutxiagori diru gehiago bideratzea da, bere esanetan “zientziaren brankan dauden ikerlariek” soilik jasoko dituzte laguntzak. Gogoratu behar da Espainiaren inbertsioa zientzian eta berrikuntzan barne-produktu gordinaren % 1,35 dela, Europako Batasuneko batezbestekoaren atzetik, eta EAEko % 2,04tik urrun xamar (gu ere ez gaude koheteak botatzeko moduan).

Azkar asko etorri dira erantzunak. Nature aldizkariko idatzian bertan ageri diren iruzkin guztiek, hasteko, Velaren esanak gezurtatu eta gobernuaren asmoen kontrako iritzia azaltzen dute. 22 Nobel saridunek ere horrelako neurrien kontrako manifestua idatzi dute, eta asko dira era horretako manifestuei atxikimenduak ematen ari diren zientzialariak. 


Estekak

http://sociedad.elpais.com
http://www.publico.es

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...