Familiako haur gaztea kexu izan ohi da anai-arreba zaharragoaren abusu eta tiraniaz. Zaharrak, bestalde, salatzen du txikiak duen gehiegizko babes eta permisibitatea gurasoen aldetik. Arrazoirik ez zaio falta itxura batean seme-alaba zaharragoari, izan ere, badirudi gurasoek seme-alaba gazteenari aste-sari oparoagoa eta beranduago etxeratzeko baimena emateaz gain, haur gaztea izatez dena baina txikiagoa hautematen dutela.
Melbourneko (Australia) Swinburne Unibertsitate Teknologikoko ikertalde batek esperimentua diseinatu zuen 70 gurasorekin, zeintzuei eskatu zitzaien pareta batean markatzeko euren seme-alaba bakoitzaren altuera. Current Biology aldizkarian argitaratu gisan, gainontzeko seme-alaben altuera zuzen estimatzen zuten arren gurasoek seme-alaba gazteenaren altuera 7,5 cm-an gutxietsi zuten bataz beste. Egunerokotasunean ohikoak diren zenbait objekturen altuera ere ongi estimatu zuten, esaterako, komuneko konketarena edota sukaldeko mahaiarena. Guraso batzuek haur gaztearen altuera 10 cm-an gutxietsi zuten paretan.
747 gurasori egindako galdeketan %70ek adierazi zuen seme alaba zaharragoaren hazkundean bat-bateko koska nabaritu zutela haur jaioberria munduratu eta berehala. “Hau ez da gertatzen soilik seme-alaba zaharragoak askoz handiagoa dirudielako jaioberriaren ondoan”, adierazi dute ikerlariek. “Muinean gertatzen dena da gurasoek euren haur gazteena benetan dena baina txikiagoa hautematen dutela. Hurrengo haurra edukitzean, ordea, hautemate distortsionatu hori jaioberriarengana zuzentzen da eta haur zaharragoaren tamaina hobeki estimatzen dute”.
Ikerketaren buru izan den Jordy Kaufman-ek adierazi bezala, “gure ikerketak azal lezake zergatik etxeko txikiaren etiketa kasu batzuetan bizi guztian zehar eraman ohi duen seme-alaba gazteenak”. Ondorengo gazteenaren tamaina gutxiestearen pertzepzio horrek azalpen ebolutiboa izan dezake, faboratua izan baitzitekeen iraganean familiako ahulenarekiko babes-mekanismo gisa.