Albisteak

Ezkatak lumak baino arruntagoak izan ziren dinosauroen artean

2013/12/30
Antton Alberdi
Iruzkinik ez
bisita

Azken urteotan ikerketa-lan ugarik azaldu du hainbat dinosauroren azala lumaz estalirik zegoela, ezkataz estalirik egon beharrean. Luma-aztarnadun fosil ugari agertu dira azken urteotan eta horrek dinosauroen paradigmaren ideia aldarazi du, gaur egungo hegaztien –euren ondorengoak– antz handiagoa zutela pentsaraziz. Dinosauroen lumak aztertzen dituen ikerketa-talde batek ordea, benetan salbuespena dena arau bihurtzen ari dela ohartarazi berri du.


Ezkatak lumak baino arruntagoak izan ziren dinosauroen artean

Azken bi hamarkadetan dinosauroekiko genuen ideia asko aldatu da. Tyrannosaurus edo Velociraptor generoko dinosauroak biltzen dituen teropoden taldeko animalia ugariren azala lumaz estalirik zegoela adierazten duten lan ugari publikatu dira. Horrez gain, ordea, Triceratops edo Stegosaurus moduko animaliak biltzen dituen ornitiskioen taldean ere luma-antzeko filamentu finen zantzuak aurkitu dira. Horrek, lumak izatea dinosauroen taldearen jatorrizko ezaugarria ote zen pentsatzera eraman ditu hainbat paleontologo.

Ezaugarri hori benetan hala ote zen edo ez ezagutzeko, Londreseko Historia Naturaleko Museoko eta Ontarioko (Kanada) Errege-Museoko ikerlariek dinosauroetako luma-arrastoen datubase bat sortu zuten. Luma-zantzuen presentzia erlazio filogenetikoekin (DNAk adierazitako ahaidetasuna) alderatu zuten, eta dinosauroen artean lumak arauak direla dioen ideia okerra dela azaldu berri dute Los Angelesen izandako Ornodunen Paleontologia Sozietateko urteroko biltzarrean.

Hainbat teropodok (adb. Velociraptor) lumak eta zenbait ornitiskiok (adb. Triceratops) luma-antzeko filamentuak zituztela egia den arren, ornitiskio eta sauropodo (adb. Brontosaurus) gehienek ezkataz estaliriko larruazala zuten. Ikerlariek adierazi dutenez, orain arte daukagun ezagumenduaren arabera, ezkatak dira dinosauroen jatorrizko ezaugarria, eta lumak ondoren sortu ziren.

Fosil iraultzailerik aurkitzen ez den bitartean, beraz, dinosauro lumadun koloretsuen ideia animalia gutxi batzuetara mugatu beharko dugu.

Iturria: Nature

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...