Hiesaren aurkako borroka luzean aurrerapauso esanguratsu baten aurrean izan gintezke. GIBaz infektatuta zegoen AEBko haur jaioberri baten gorputzetik birusaren forma bideragarriak ezabatzea lortu dute medikuek. Funtzionalki haurra sendatu dutela esan daiteke, beraz. Kasu baieztatzen bada munduan sendatutako bigarren norbanakoaren aurrean ginateke. Emaitzak aurkezteke diren honetan, ordea, bada jada sendaketa zalantzan jartzen duenik.
GIBaren infekziotik sendatu zen lehen gaixoa Timothy Brown izan zen, Berlingo gaixo izenez ezaguna dena. Leuzemia zuen adin ertaineko gizonezko honek GIBarekiko immunea zen norbanako batengandik hezur-muin transplantea jaso eta birusaren infekzioa gainditu zuen. Gaur, martxoak 3, Atlantan (AEB) hasiko den Erretrobirusen eta Infekzio Oportunisten inguruko Konferentzian aurkeztuko den kasua aitzindaria izango litzateke pediatrian. Ikerketaren buru den Deborah Persaud-ek (Haurrentzako Johns Hopkins Zentroa, AEB) adierazi gisan, “pediatron Timothy Brown kasuaren aurrean gaude. Kasu hau errepika badezakegu jaioberrietan GIBaren infekzioa sendatu dezakegula baiezta genezake”.
2010eko udazkenean emakume bat Mississippiko ospitale batera iritsi zen jada erditzen ari zelarik eta ume goiztiar bat izan zuen. Haurdunaldian zehar ez zuen medikurik bisitatu eta ez zekien GIBaz infektatuta zegoela. Testek ama birusak jota zegoela azaldu zutenean haur jaioberriari ere frogak egin zitzaizkion eta positibo eman zuen, artean 30 ordu zituelarik. Odol mililitroko birusaren 20.000 kopia zituen jaioberriak, kantitate apal samarra haurra izateko. Hala ere, froga hain goiztiarra izan zenez baieztatu daiteke haurra amaren uteroan kutsatu zela eta ez erditzean zehar.
Normalean ama infektatu batek erditutako jaioberriei bi droga ematen zaizkie birusaren aurkako tratamendu profilaktiko gisa. Haur honi, ordea, tratamendu terapeutiko hirukoitz eta goiztiarra aplikatu zitzaion, oraindik GIBaren infekzioa baieztatzeke zelarik. Birusaren dentsitatea berehala murriztu zen haurraren odolean eta hilabeteko adina zuenerako jadanik ez zuen birusaren arrastorik. 18 hilabeteko adina bete arte tratamendua jaso zuen haur jaioberriak. Bi urte eta erdiko adina duen honetan eta tratamendua jasotzeari utzi zionetik urtebete pasa dela, haurrak ez du birusaren arrastorik azaltzen bere gorputzean. Birusari dagozkion material genetikoaren arrasto batzuk topatu dituzte, baina ez du GIBaren forma bideragarririk ez odolean eta ezta birusaren babesleku izaten diren guneetan ere.
Ikerketarekin erlazionatuta ez dauden zenbait zientzialarik zalantzak azaldu ditu aldarrikatutako emaitzen inguruan. Adierazi dute haurra benetan kutsatuta zegoela baieztatzen duten froga sendoak aurkeztu behar izango direla kasua baieztatzeko. Osterantzean, prebentzio kasu baten aurrean izango ginateke, ez sendaketa baten aurrean. Nazio Batuen Erakundeak kalkulatu du 2011 urtean bakarrik 330.000 haur kutsatu zirela hiesaren birusarekin eta orotara birusarekin infektatutako hiru milioi haur daudela munduan.