Albisteak

Grafenoa, kutsadura nuklearraren aurkako antidoto?
Grafenoak hondakin nuklearrekin kutsatutako uren garbiketa erraztu lezake

2014/01/22

Iruzkinik ez
bisita

Grafenoa azken urteotan zeresana ematen ari den ekaia dugu. Grafitoaren antzera karbono-atomoak era hexagonalean antolatzen dira grafenoa osatzeko baina, beste berezitasunen artean, atomo bakarreko lodiera duen xafla gisa antolatzen dira. Propietate berezi horiek direla eta potentzial izugarriak esleitzen zaizkio epe ertain eta luzera. Argitaratu berri den lan baten arabera, kutsadura nuklearra arintzeko ere erabil liteke grafenoa.


Grafenoa, kutsadura nuklearraren aurkako antidoto?
Grafeno soluzioa ezkerrean, hondakin nuklearrekin nahastutakoa ezkerrean.

Uste da grafenoak etorkizunean bide emango diela, besteak beste, egungoek baina askoz potentzia handiagoa izango duten ordenagailu kuantikoen garapenari. Pil-pilean dago material honen inguruko ikerketa eta horren isla da 2010ean Fisikako Nobel Saria grafenoaren aurkitzaileek jaso izana. Kaleratu berri den ikerketa batek iradokitzen du, orain, grafeno oxidatuak kutsadura nuklearraren aringarri gisa ere joka dezakeela.

Rice (AEB) eta Lomonosov (Errusia) Unibertsitateetako bi lantaldek egin duten ikerketan behatu dute grafeno oxidatuzko xafla meheek gaitasuna dutela isotopo erradiaktiboetara lotzeko eta hauek solido gisa kondentsatzeko. Physical Chemistry Chemical Physics aldizkarian kaleratu duten emaitzen arabera, grafenoak Fukushimakoa bezalako ingurune kutsatuetan erradioaktibitatea murrizten lagun lezake.

Ikerketaren partaide izan den Stepan Kalmykov-ek baieztatu duenez, “espero genuen grafeno oxidatuak halako erretentzio ahalmen handia izatea. Espero ez genuena zen erretentzio hori hain azkar gertatzea eta hor dago grafenoak eskain dezakeen abantailaren gakoa”. Laborategiko esperimentuak egiteko ikerlariek grafeno oxidatua plutonioz, uranioz, sodioz eta kaltzioz kutsatutako hondakin nuklearrekin nahastu dute. Grafeno oxidatuak hondakin nuklearren iraizketarako ohikoak diren bentonitazko buztinek eta karbono pikor aktibatuek baina azkarrago, minutu gutxi batzuetan, lotzen ditu isotopo erradioaktiboak. Gainera, gaitasun hori pH-aren hein oso zabalean mantentzen du.

Hala eta guztiz ere, lantaldeetako baten buru den James Tour-ek aipatu bezala, isotopo erradioaktiboak harrapatzeak ez du euren erradioaktibitatea gutxitzen, euren maneiua erraztu besterik ez du egiten. “Fukushimakoa bezalako kasuetan hondakin erradioaktibo kantitate izugarria metatzen da uretan. Ur horietara grafeno oxidatua gehituta uretako isotopo erradiaoaktiboak hauspeatu egingo lirateke eta materia solido gisa metatu. Solido horiek jaso eta grafeno oxidatua erretzea oso erraza denez, hondakin gisa material erradioaktibo berrerabilgarria izango genuke”, azaldu du Tour-ek.


Estekak

Jatorrizko publikazioa

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...