Joan den uztailean Higgs-en bosoiaren aurkikuntzak fisika komunikabideen lehen azalera ekarri zuen. Ez du zientziak sarri publiko handiaren arreta bereganatzen, aurkikuntza haren garrantziaren isla. Higgs-en bosoiak partikulen hainbat propietate elemental azal ditzake, partikulen masaren jatorria besteak beste, eta Genevatik (Suitza) gertu den CERN-en hadroi azeleragailuan aurkitu zen. Gaur, azaroak 29, CERN-en buru den Rolf-Dieter Heuter-ek Higgs-en bosoiaren nondik norakoak gerturatuko dizkigu Bilbora.
Rolf-Dieter Heuer CERN-en egungo arduradun nagusia da. Ikerketa esanguratsuak egin zituen fisikaren arloan, punta-puntakoa den erakunde horren kudeatzaile izendatu zuten arte. Hitzaldia Ikerbasque Fundazioak antolatutako hitzaldi-zikloaren baitan kokatzen da eta Euskalduna Jauregiko A3 aretoan izango da arratsaldeko 6etatik aurrera. “Hadroien Talkagailu Handia: unibertsoa azalduaz” da programatutako hitzaldiaren titulua eta ingelesez emango da, nahiz eta itzulpen zerbitzua ere izango den eskuragarri.
CERN nazioarteko ekimen batek 1954ean sortutako erakundea da eta kilometro askotako diametroa duten patikula-azeleragailuak eskaintzen ditu energia-maila handia eskatzen duten esperimentuak ahalbidetzeko. Fisikaz haratago, beste hainbat arlotan ere eragiten du CERN-ek. Urrutira joan gabe interneten oinarri den World Wide Web (WWW) sistema bertan sortua izan zen. 3000 ikerlari inguruk egiten du lan bertan eta mundu osoko 10000 ikerlari ere bertatik pasa dira azpiegitura erraldoi horiek aprobetxatzeko.