Ijitoek Europako gutxiengo etniko handiena osatzen dute, orotara 11 milioi laguneko gizataldea dira. Grezia, Portugal eta Belgika bezalako herrialdeen parekoa den populazioa da, Europako populazioaren puzzleko pieza esanguratsua, beraz. Hala ere, mendeetan zehar bazterketa sozial, politiko eta ekonomikoa pairatu izan dute eta zientzia ere ez da horretatik salbu izan. Orain, ijitoen populazioen azterketa genetiko zabal batek etnia horren historia eta egungo argazkia ulertzen lagun diezaguke.
Ijitoen etniaren baitan oso handia da aniztasuna hizkuntzari, bizimoduari eta erlijioari dagokionez. Haatik, hain hedadura zabalean bizi den populazio honek iragan komuna baina konplexua du. Current Biology aldizkarian argitaratu da ijitoen populazioen inguruan egin den lehen ikerketa genetikoa eta ijitoen historiari buruz aurretik ziren zenbait susmo baieztatu ditu. Ikerketaren egile den David Comas-ek (Pompeu Fabra Unibertsitatea, Herrialde Katalanak) adierazi bezala, “interesa genuen Europako ijitoen populazioen historia ikertzen, populazio europarraren zati adierazgarria diren arren ikerketa zientifikoetan maiz ez baitira aintzat hartuak izan”. Ijitoek ez dute euren jatorria eta historia ezagutzeko erregistro idatzirik. Misterio horretan sakontzeko, Comas-ek zuzendutako nazioarteko taldeak Europako 13 ijito populazio desberdin lagindu ditu.
Hizkuntzalaritzan oinarritutako ikerketek jadanik iradokitzen zuten ijitoen jatorria Indian koka zitekeela, izan ere, ijitoen jatorrizko hizkuntza den romani hizkuntzak antzina eskualde hartan hitz egiten zen sanskritoaren antzekotasunak ditu. Populazio horiek genetikoki aztertuta susmo hori baieztatu egin da eta ijitoek Europarako bidea noiz hasi zuten ere zehaztu dute: egun Europan bizi diren ijitoen jatorria Indiako ipar-mendebaldean dago eta duela 1500 urte irten ziren bertatik.
Ekialde Ertainean eta Kaukasoan romani hizkuntzak bere arrastoa utzi zuen arren, ez da ebidentziarik bildu egun eskualde horietan bizi diren populazioen eta ijitoen arteko lotura genetikoa sostengatzeko. Itxura batean, bertako kulturan eragina izan arren ez zen nahasketa handirik izan bertakoen eta ijitoen artean. Duela 900 urte inguru ijitoak Balkanetara iritsi ziren eta bertatik zabaldu ziren Europa guztira. Exodoaren lehen zatian ez bezala, Europako populazioekin lotura genetiko nabarmenagoak azaltzen dituzte.
Ikerketan parte hartu duen Manfred Kayser-en (Erasmus Unibertsitatea, Herbehereak) aburuz, “europarroi egin diguten ekarri genetikoa kontuan hartuta ijitoen ondare genetikoa ulertzea beharrezkoa zaigu Europako populazioen karakterizazio zuzena egiteko. Gainera, giza populazioen eboluzioaz eta historiaz haratago, medikuntza pertsonalizaturantz goazen honetan ondare hori ulertzeak giza osasunean ere inplikazioak izan litzake”.