Interes-gatazkak ikerketaren Troiako zaldietako bat dira. Funtsean ikerketa bat interes-gatazkan sartzen dela esaten da ikerketaren egileek euren lanaren ondorioekiko aurretiazko interes bat dutenean, normalean interes ekonomiko gisa ulertzen dena. Fenomeno horren isla, Nafarroako Unibertsitateko ikertalde batek ebatzi du interes ekonomikoen arteko gatazkek okertu egin ditzaketela freskagarri azukredunen kontsumoaren eta obesitatearen arteko erlazioa ebaluatzen duten berrikusketa (edo review) sistematikoen ondorioak.
Review sistematikoetan gai baten inguruan egindako ikerketen bildumatzea eta laburpena egiten da, gai horren inguruan egun dagoen ezagutza era sintetikoan komunitate zientifikoari eskaintzeko. Maira Bes-Rastrollok zuzendutako ikertaldeak freskagarri azukredunen eta obesitatearen arteko erlazioa jorratzen duten 17 berrikusketa identifikatu eta aztertu ditu, horretarako berrikusketak egiteko erabiltzen den metodologia estandarizatua jarraituaz. Berrikuspen horietatik seitan egileek aitortu dute interes-gatazka izan dezaketela, bai edari azukredunen industrian dihardutelako edota euren ikerketa industria horrek finantzatzen duelako.
PLOS Medicine aldizkarian kaleratu duten lanaren arabera, interes-gatazkarik gabeko berrikusketen %83,3k ondorioztatzen du freskagarri azukredunen kontsumoa arrisku-faktorea izan daitekeela pisua irabazteko orduan. Industriarekiko lotura duten autoreek egindako berrikusketen %83n, aldiz, ondorioztatzen da ez dagoela ebidentzia nahikorik freskagarri azukredunen kontsumoa eta obesitatearen arteko lotura baieztatzeko.
Beste hitzetan, bost bider probableagoa da faktore bien lotura positiboa ondorioztatzea interes-gatazka gabeko berrikusketetan. Bes-Rastrollok adierazi duenez, “gure emaitzek balio dute ohartarazteko elikagaien industriak finantzatutako ikerkuntzak ematen duen ebidentzia zientifikoan egon daitezkeen erroreei buruz”.