Albisteak

Intsektu fotosintetizatzaileen lehen zantzuak
Landare-zorriek eguzki-energia erabiltzen dutela azaldu dute

2012/08/20
Antton Alberdi
Iruzkinik ez
bisita

Frantziako Sophia Agrobiotech Institutuko ikerlari talde batek afidoek edo landare-zorriek fotosintesia garatzeko gaitasuna izan dezaketela adierazi berri dute; hau da, gai direla eguzki-energia berenganatu eta energia hori euren bide metabolikoetan erabiltzeko. Landare-zorriak landareen sapaz edo izerdiaz elikatzen diren intsektu txikiak dira, eta, besteak beste, marigorringoen elikagai nagusia. Duela bi urte afidoak karotenoideak sintetizatzeko gai direla aurkitu zuen talde berberak, hari hortatik jarraitu eta intsektuen artean lehen aldiz fotosintesia gerta daitekeela adierazten duten zantzuak badaudela adierazi dute.


Intsektu fotosintetizatzaileen lehen zantzuak

Karotenoideak animalia ugarik erabiltzen dituzte askotariko funtzioetarako, baina normalean landareez elikatuz lortzen dituzte aipaturiko pigmentuok. Karotenoideak sintetizatzea oso garestia denez, konposatu horiek landare-zorriengan berebiziko garrantzia izan behar dutela ondorioztatu zuten ikerlari frantziarrek.

Alde batetik, karotenoideak afidoen pigmentazioaren erantzule nagusiak dira, eta, beraz, baita animalia horiek landareen artean kamuflatzeko gaitasunaren erantzuleak ere. Karotenoide asko duten animaliak berdeak dira, eta gutxiago dituztenak laranjak eta zuriak. Ikerlariek kolore ezberdineko –karotenoide-maila ezberdineko- landare-zorrien ATP mailak aztertu zituzten. ATPa bizidunetan energia metatzen duen molekula da, eta beraz, organismoen energia-ekoizpenaren isla. Landare-zorri berdeek zuriek baino askoz ere ATP gehiago ekoizten zituztela ikusi zuten, eta ATP-ekoizpena asko jaisten zela animaliok eguzki-argitatik itzaletara igarotzean.

Ikerlariek animaliok fotosintesia garatzen dutela frogatzeko beste hainbat proba egin behar direla adierazi dute, baina orain arteko zantzu guztiek norabide horretara daramatzatela. Hala izatekotan intsektuen artean fotosintesia garatzen dutela ezagunak diren lehen animaliak lirateke landare-zorriak.

Iturria: Nature

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...