Albisteak

Itsas maila La Niñaren erritmoan dantzan
La Niña fenomeno klimatologikoak 2010-2011 urteetan zehar irauli egin zuen aldaketa klimatikoak eragindako itsas mailaren gorakada

2012/11/22

Iruzkinik ez
bisita

Aldaketa klimatikoa hamaika fenomeno global eragiten ari da eta horietatik nabarmenenetako bat poloetako eta glaziarretako izotzaren urtzea da. Horren ondorioz, itsas mailak urteko 3,2 mm egiten du gora, azken hamarkadetan gorakada hori monitorizatu duten sateliteen datuek adierazi bezala. Hala ere, 2010-2011 urteetan zehar La Niña gisa ezagutzen den fenomeno klimatologiko biziki indartsu batek uren banaketa globala aldatu eta itsas mailaren jaitsiera eragin zuen.


Itsas maila La Niñaren erritmoan dantzan
2010-2011 urteetan Australia, Hego Amerika eta Asiako hego-ekialdean ohikoa baina ur gehiago pilatu zen

La Niña Ozeano Pazifikoan ekuatore inguruko uren tenperatura ohikoa baino 3-5ºC baxuagoa denean martxan jar daitekeen fenomeno makroklimatikoa da. Pazifikoko ekialde eta mendebaldearen arteko presio desberdintasun handiaren ondorioz, ekialdetik datozen alisio-haizeak indartu egiten dira eta horrek itsasoko ur-azaleko korronteak bizkortu eta hondoko ur hotzen azaleratzea eragiten du Pazifiko mendebaldean ekuatore parean. Uraren tenperaturaren jaitsiera horrek tropikoetako euri-erregimenari maila globalean eragiten dio. El Niño fenomenoaren kontrapuntua izaten da, orokorrean aurkako efektuak eragiten baititu, esate baterako, lehortea Ozeano Pazifikoko mendebaldean, uholdeak Hego Amerikako iparraldean, uda heze eta freskoak Ipar Amerikako iparraldean, lehortea Ipar Amerikako mendebaldean … efektuak Afrikan eta Indotxinan ere nabaritzen dira. El Niño/La Niña zikloak bost urtean behin errepikatzen dira gutxi gorabehera.

Efektu horiek bereziki indartsuak izan ziren 2010eko bukaeran hasi zen La Niña fenomeno baten ondorioz eta 2011ko abuztuan NASAk itsas mailaren azken hamarkadetako goranzko joera aldatu egin zela adierazi zuen. Geophysical Research Letter aldizkarian kaleratu den lanaren arabera, La Niña fenomeno hark Pazifikoko eurite-erregimenengan eragin itzela izan zuen. Hain izan zen handia eragina, ozeanoetatik kontinenteetara ohikoa baina ur kantitate handiagoa eraman zuela eta itsas maila jaitsi egin zela.

Hala eta guztiz ere, ikerketaren autoreetako bat den Carmen Boening-ek (Jet Propulsory Laborategia, NASA, AEB) baieztatu bezala, “Ozeanoek galdutako ura azkar konpentsatu da. Bildu berri ditugun datuek diotenez 2010-2011 urteetan zehar gertatu zen itsas mailaren jaitsiera aldi baterakoa besterik ez zen izan. Eurite bortitzek kontinenteetan pilatu zuten ura berriz ere ozeanoetara itzulia da jada”. Epe luzera, beraz, itsas mailaren igoerak bere horretan dirau.

Iturria: Science Daily

Estekak

Jatorrizko publikazioa
La Niñari buruzko informazio gehigarria (ingelesez)

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...