Mendeleieven garaietatik asko aldatu da elementuen taula periodikoa. Zientziak aurrera egin ahala elementu berriak aurkitu dira, zientzialari errusiarraren irizpideen arabera sailkatuta egun ezagutzen dugun elementuen taula periodikoa osatu arte. Naturan aurkitzen diren elementuetatik haratago, ordea, badira gizakiak artifizialki sintetiza ditzakeen elementu gehigarriak. Horren adibide, zientzialariek 2010ean aurkeztu zen 117 zenbakidun ununseptiumaren aurkikuntza baieztatu dute.
104 zenbakitik gorako elementuak sailkatzen dira elementu astun gisa eta, uranioaren segidako elementuak ez bezala, detektatuak izateko bezain egonkorrak direla esan ohi da. Egonkortasunaren irlan dauden elementuak dira, kimikari eta fisikarien hitzetan. Elementuok ez dira unibertsoan era naturalean existitzen, baina teknologiak aukera eskaintzen du artifizialki sintetizatzeko. Elementu astun horiek ekoizteko bestelako bi elementuren nukleoak abiadura handian kontrajartzen dira eta nukleoen arteko talkek, batzuetan, elementu astun horren atomoen sintesia eragiten dute.
117 elementua, behin-behinean izendatua ununseptium gisa (bat-bat-zazpi latinez), 2010ean aurkitu zen Dubnako Ikerketa Nuklearrerako Institutuan (Errusia). Bertan ikerlari errusiar eta estatubatua talde batek egindako aurkikuntza baieztatzeko, nazioarteko ikerlari talde bat jarri zen martxan esperimentua errepikatzeko eta elementuaren aurkikuntza baieztatzeko. Esperimentu honetan berkelio-249 isotopoak kaltzio ioiekin talkan jarri dira. Ikerlariak gai izan dira erreakzio horren ondoren 117 elementua detektatzeko eta, are gehiago, elementuaren degradazioa jarraitu ahal izan dute. Physical Review Letters aldizkarian azaltzen dutenez, ununseptiuma 115 eta 113 elementu gisa degradatzen da.
“117 elementuarekin egindako esperimentuek garrantzia handia dute egonkortasunaren irlan dauden elementu astunen detekzioan sakontzeko”, adierazi du ikerketaren partaide den Horst Stöcker-ek (Darmstadt-eko Ioi Astunen Ikerketarako GSI Helmholtz Zentrua, Alemania). Ikerlariak gai izan dira, baita ere, identifikatzeko dubnio-270 isotopoaren alfa degradazioaren bidezidorra eta aurkitzeko laurentzioaren 266 isotopoa, aurretik ezezaguna zena. Partikula horien egonkortasuna ordubete eta 11 ordukoa da, hurrenez hurren.
Elementuaren behin betiko onarpenerako hurrengo urratsa Kimika Puru eta Aplikatuaren Nazioarteko Batasunaren (IUPC, ingelesezko sigletan) onarpena izango da. IUPAC ikerlariek aurkeztutako ebidentziak aztertzearen erantzule da eta erakunde horrek erabakiko du elementuaren aurkikuntza baieztatzeko esperimentu gehiago behar diren ala ez. IUPACen ardura izango da, halaber, erabakitzea zein erakunderi dagokion elementu berriaren behin betiko izena ezartzea.