Albisteak

Kilogramoa gizentzen ari da
Kilo batek 1000 gramo baino gehiago pisatzen du orain

2013/01/07

2 iruzkin
bisita

Neurketa-sistema guztien oinarri diren magnitudeeen, alegia, denboraren, espazioaren eta tenperaturaren, definizioak aldatu egin dira XIX. mendean definitu zirenean ezarri zitzaizkienetatik. Masa ere bada oinarrizko magnitude horietako bat, baina ez da egundaino hura birdefinitzeko irizpiderik adostu eta, horren ordez, kilogramo bateko pisua duen platinozko bloke bat gordetzen da Parisen 1875 urteaz geroztik kilogramoaren masaren estandar gisa. Arazoa, ordea, zera da, kilogramoa definitzen duen platinozko blokeak ez duela jada kilo bat pisatzen. Gizendu egin da.


Kilogramoa gizentzen ari da
Kilogramoa definitzen duen platinizko blokeek pospolo-kaxa baten tamaina dute

Jatorrizko kilogramoa prototipikoa (IPK ingelesezko sigletan) masa-neurketa guztien oinarri den estandarra da. Nazioarteko Pisu eta Neurketen Departamentuan gordetzen da platinozko blokea baina 1884ean mundu osoan 18 erreplika banatu ziren kilogramoaren definizioa ahalik eta egonkorren mantentzeko. Egun, 80 estandar inguru dago munduan barreiaturik. Hala ere, industrietatik eratorritako kutsatzaileak airetik barreiatu eta platinozko blokearen gainazalean metatu dira denboraren poderioz, blokeeren masa emendatuaz.

Peter Cumpson eta Naoko Sano ikerlariek (Newcastle-eko Unibertsitatea, Ingalaterra) platinozko bloke horien antzekoak diren gainazalak aztertu dituzte X izpien bidezko espektroskopia fotoelektronikoaz kutsatzaile horien metaketa nola gertatzen eta nola desegiten den aztertzeko. Metrologia aldizkarian kaleratu dutenez, Ingalaterrak duen kilogramoaren estandarrean mikrogramo hamarren batzuetako masa-emendioa neurtu dute. Cumpson-en hitzetan, “arazoa ez da kilogramo estandarraren masa aldatzea, baizik eta munduan diren erreplika desberdinen masa abiadura desberdinez aldatzea. Oso aldaketa ñimiñoez ari gara, 100 mikrogramotik beherakoak, baina eskala txikiko aldaketa horiek maila globalean duten eragina izugarria da”.

Ikerlarien aburuz, bloke horiek eguzki-argiaren eta ozonoaren eraginpean jarrita gainazaleko kutsatzaileak ezabatu eta bloke guztiak euren jatorrizko masara itzularaztea posiblea da. Nazioarteko hainbat erakunde lanean dira IPKren alternatiba bat adostu nahian, masaren erreferentziazko unitatea objektu fisiko baten arabera definitu behar ez izateko. Bien bitartean, kilogramo estandar horien gorabeherak monitorizatzea eta kontrolatzea funtsezkoa izango da.

Iturria: Phys.org

Estekak

Jatorrizko publikazioa

Comments (2)

  • Ibon Aristi

    Ibon Aristi

    08 January 2013 at 11:40 |
    Masa da polemikarik gehien sortzen duen neurketako unitatea. Izan ere, gainerako uniteteak unitate unibertsalen bidez defini daitezke. Distantzia argi-abiaduren bidez, denbora grabitazio tolestura bezala, edota tenperatura 0 absolututik gorako dena delako gisa.

    Masak ordea, ez du horrelako unitate unibertsalik... Akabo beraz.

    reply

  • Mikel Irastorza

    Mikel Irastorza

    08 January 2013 at 13:45 |
    Wikipediaren arabera kilogramoa definitzeko eztabaidatzen ari diren eta etorkizunean onar litekeen irizpidea honakoa da: Planck-en konstantearen balio numerikoa, orotara 6.62606X×10−34 izateko dohitzea, berau s−1·m2·kg-tan adierazita, zeina J·s den ( http://en.wikipedia.org/wiki/New_SI_definitions). Niri eskuetatik pixka bat ihes egiten didanez agian inork izango baluke definizio hori azaltzeko aukera eta gaitasuna denontzat mesede!

    reply

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...