Albisteak

Memoriaren molekulaz ahaztu
Memoriaren funtzionamendurako funtsezkotzat jotzen zen molekula ez da uste bezala oroimenaren gako

2013/01/03

Iruzkinik ez
bisita

Giza populazioen bizi-itxaropena handitzen ari den honetan kantzerrarren eta gaixotasun neurologikoen maiztasuna eta intzidentzia geroz eta handiagoa izatea aurreikusten da. Horregatik, onkologiarekin batera, zerebroaren eta memoriaren funtzionamendua ezagutzea XXI mendeko medikuntzaren erronka handietakoa da. Azken urteotan aurrerapauso nabarmenak eman dira garunaren ikerketan. Egunero ez da besta, ordea. Oraingoan, bi ikertalde independentek frogatu dute egundaino epe luzerako memoriaren gakotzat jotzen zen entzimak ez duela halako funtzio berebizikorik oroimenaren funtzionamenduan.


Memoriaren molekulaz ahaztu
Neuronen arteko sinapsi indartsuak memoria osasuntsuaren ezaugarria da

2007an M-ζ proteina kinasak (PKM-ζ ingelesezko sigletan) ikerlarien arreta bereganatu zuen memoriarekin erlazionatuta zegoela baieztatu baitzen saguetan, eulietan eta itsas bareetan eginiko zenbait ikerketak. Todd Sacktor-ek (SUNY Downstate Medical Center, AEB) zuzendutako lan horietan ZIP gisa ezagutzen den peptidoa zerebroko hipokanpoan txertatu eta PKM-ζ entzimaren aktibitatea blokeatu zuten, animalietan memoria galerak eraginez. 2011an, genoman PKM-ζ entzimaren hainbat kopia zituen birus batekin infektatu zituzten saguak eta oroimena areagotu egiten zitzaiela baieztatu zen. Ikerketa horiek guztiek iradoki zuten epe luzerako memoria ez zela ez estatikoa eta ez egonkorra, moldagarria eta entzima bakar baten menpekoa zela baizik.

Horren harira, Johns Hopkins Unibertsitateko (AEB) Richard Huganir ikerlariak PKM-ζ proteinaren funtzioa ikertzeko beste lan bat zuzendu du. PKM-ζ eta berarekin erlazionatuta dagoen PKC-ζ proteinentzat knockout diren sagu-enbrioiak diseinatu dituzte eta euren memoriaren azterketa egin du bere ikertaldeak. Kaliforniako Unibertsitateko (AEB) Robert Messing-en taldeak ere esperimentu berdintsua egin du independenteki. Nature aldizkarian argitaratu gisan, sagu-talde bietako batek ere ez du memorian gutxitasunik azaldu. Messing-en animaliek beldurrarekin, objektuekin, tokiekin eta mugimenduekin erlazionatutako memoria ongi garatu dute eta Huganir-en datuek azaltzen dute normal funtzionatzen duela epe luzeko potentziazioak, hau da, memoriaren funtsa den sinapsien arteko indartzeak. Gainera, talde biek ikusi dute ZIP peptidoarekin oraindik ere posiblea dela memoria ezabatzea, nahiz eta animaliek PKM-ζ izan ez.

“Gure emaitzek adierazten dute PKM-ζ proteinak memorian zerikusia izan dezakeela, baina ez dela oroimenaren erregulatzaile nagusia egungo literaturak adierazten duen bezala”, adierazi du Huganir-en taldeak. Sacktor-en aburuz, ordea, “emaitzak ez dira hain harrigarriak beste generen batek faltan den genea konpentsatu ahal izan duelako”, generen bat ezabatuta duten sagu-enbrioietan normala den bezala. Susmoa du PKM-ι eta PKM-λ proteinak erlazionatuta egon daitezkeela memoriaren babes-mekanismo honekin.

Hala ere, Hunganir-en taldeak PKM-ζ genea droga-dosi baten arabera ezabatzen zaien saguak diseinatu ditu. Horrela, normal hazi ziren enbrioietatik eratorritako sagu helduetan entzima ezabatzeko modua izan dute. Drogaren menpe hazitako saguen epe luzeko potentzazioa ez da kaltetzen, adieraziaz PKM-λ ez dela funtsezkoa memoriaren funtzionamenduan.

Arizonako Unibertsitateko (AEB) Lynn Nadel-en hitzetan, “emaitzek ez dute adierazten PKM-ζ garrantzitsua ez denik, baina egoera uste baina konplexuagoa izan daiteke, bestelako bidezidorrak egon daitezke”.  Alta, beste bidezidor horiek misterio hutsa dira oraindik ere, PKM-ζ proteinaz gain ez da pista askorik eta Huganir eta taldekideak ZIP peptidoaren benetako ituen bila ari dira orain. Neurozientzietako ikerketa-esparru interesgarrienetakoa da memoriarena eta Alzheimerra bezalako gaitzei aurre egitea helburu, emankorra suerta liteke datozen urteotan.

Iturria: Nature

Estekak

Hungarnir-en jatorrizko publikazioa
Messing-en jatorrizko publikazioa

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...