Pinotxok penitentzia izaten zuen gezurra esaten zuen aldiro, sudurra luzatzen zitzaion esandako gezurraren tamainan. Carlo Collodiren sorkuntzak belaunaldiz belaunaldi izan du mundu osoko haurren artean arrakasta eta literatura unibertsalaren klasikotzat dugu egun. Dirudienez baina, Geppettok egindakoaz gain gezurra esaten dugun aldiro salatzen gaituen Pinotxo txiki bat daramagu denok barruan.
Granadako Unibertsitatean (Espainia) egindako ikerketak baieztatu bezala, gezurra esaten dugunean sudurraren puntaren tenperatura igo egiten da. Pinotxo efektu gisa ezagutarazi dute fenomenoa, nahiz eta tenperatura igoera aurpegiko beste zenbait gunetan ere gertatzen den, begi-zuloen barrualdean ondoan dagoen muskulu orbitalean esaterako. Antsietateak ere aurpegiko tenperaturaren igoera orokorra eragiten du, esfortzu mental handia egiten dugunean, aldiz, tenperaturak behera egiten du.
Granadako Unibertsitateko Psikologia Esperimentala Sailean egin da ikerketa termografia-teknikez baliatuz. Funtsean gorputzen tenperaturaren detekzioan oinarritzen dira teknikak hauek, besteak beste, industrian, eraikuntzan ala medikuntzan usu erabiltzen direnak. Kamara termografikoen bidez eraikuntzen energia-galera neur daiteke eta animalien arnas-sistemako gaixotasunak detektatzeko ere balio dute. Aplikazio militarrak ere eman izan zaizkie teknologia hauei, gauerako ikusmen-sistemetan batez ere. Lehen aldia da, aitzitik, halako teknikak psikologian erabiltzen direla.
Emilio Gómez Milán eta Elvira Salazar López izan dira ikerketaren gidari. Gezurraren diagnosian sakonduz, ikerlariek baieztatzen dute egiazko sentimenduez ari garenean aipatu aldaketa termiko horiek konpentsatzeko zerebroan intsula izeneko egitura aktibatzen dela. Gezurretan gabiltzanean egitura hori ez da hainbeste aktibatzen eta aldaketa termikoak nabarmen gelditzen dira. “Intsularen aktibitatea zenbat eta handiagoa izan, orduan eta aldaketa termiko txikiagoak behatzen dira, eta alderantziz”, laburbildu dute ikerlariek.
Aipatutako emaitzez gain, eszitazio sexualak bular eta genitalen tenperatura igotzen duela ere behatu dute. Aldaketok berdintsu samarrak dira emakume eta gizonezkoak alderatuz gero. Baleta eta flamenkoa dantzatzean izaten diren tenperatura aldaketak ere karakterizatu dituzte, dantza bakoitzari dagokion aztarna termikoa esleitu diotelarik. “Termografiak egoera subjektibo eta mentalen inguruan informazioa eman diezaguke, norbanakoak pentsatu ala sentitzen duenaren inguruan sakontzen lagun gaitzake”. Are gehiago, enpatia handia duten norbanakoek besaurrean deskarga elektrikoak jasotzen ari den norbait ikustean nolabait kutsatu egiten dira eta besaurreko tenperatura igo egiten zaie. Termoerregulazioa kaltetzen duten zenbait gaitz diagnostikatzen ere lagun lezake termografiak, hala nola, esklerosi anizkoitza, anorexia, gaixotasun zeliakoa ... Hamaika dira, itxura batean, teknologia honek ireki ditzakeen bideak.