Albisteak

RNA zirkularra, gene-adierazpenaren belaki
RNA molekularen forma zirkularrak aurkitu dira, gene-adierazpenean zuzenean eragiten dutenak

2013/03/01

Iruzkinik ez
bisita

RNA informazio genetikoaren gordailu den DNAtik proteinak ekoizteko bitartekaria gisa ezagutzen da batez ere. Baina proteinen sintesirako txantiloi gisa funtzionatzen duen RNA mezularia (mRNA) ez da molekula horrek zeluletan hartzen duen forma bakarra. Aminoazidoen garraiorako RNA (tRNA) eta erribosomen egituraren parte den rRNA ere funtsezkoak dira zelularen biologia ulertzeko. Gene adierazpenaren erregulazioarekin erlazionatuta dauden RNAren forma gehiago ere badira, hala nola, mikro RNA (miRNA) eta siRNA. Bildumara beste RNA forma bat gehitu beharrean gara orain, izan ere, RNA forma zirkularrak aurkitu dira, miRNA atxikiaz gene adierazpena erregula dezaketenak.


RNA zirkularra, gene-adierazpenaren belaki
Parkinsonarekin, minbiziarekin eta immunitate-sistemarekin erlazionatuta egon litezke RNA zirkularrak

Nature aldizkarian argitaratu berri diren bi artikulutan forma zirkularreko RNAren berri eman da, zeinak era ez zuenean gene-adierazpenaren erregulatzaile gisa jokatzen duen miRNA erregulatzaileak atxikiaz. Hala ere, bestelako funtzioak bete ditzaketenaren susmoa badute ikerlariek. Lanetako baten autore den Nikolaus Rejewsky-k (Medikuntza Molekularrerako Max Delbrück Zentroa, Alemania) adierazi bezala, “molekula hauek ikertu gabeko RNAren unibertso ezkutu eta paralelo bat osatzen dute”.

Azken hamarkadetan RNAren ikerketak bizi izan duen loraldiak molekula berezi honek ager ditzakeen forma ezberdinak argitara ekarri ditu. Hala ere, egundaino ezagunak ziren forma guztiak linealak izan dira. Horren kausetako bat izan liteke RNAren sekuentziazioa RNA lineal horien isats bereizgarri batzuetan oinarritzen dela. RNA zirkularrek ez dutenez isatsik zientzialarien behaketa ahalmenari ihes egin diote orain arte.

Thomas Hansen eta Jørgen Kjems gidari dituen Aarhus-eko Unibertsitateko (Danimarka) beste lantalde batek ere aurkikuntza bera aurkeztu du independenteki. Zehazki, 1.500 nukleotidoko RNA molekula zirkularrak aurkitu dituzte gizakien eta saguen zerebroan. Molekula horietan miR-7 izeneko miRNA atxikitzeko 70 puntu aurkitu dituzte. miR7 Parkinsonarekin eta minbiziarekin erlazionatutako hainbat mRNA helburu dituen molekula da. Hain zuzen ere, gene horiei dagozkien mRNAra atxikitzen da miR-7, hala euren itzulpena eragotziaz. RNA zirkularraren transkripzioa areagotzean, ordea, miR-7 molekularen itu diren mRNA horien adierazpena emendatu egiten da. Ikerlarien proposatu dutenez, RNA zirkularrak gene horien adierazpena blokeatzen duen miR-7 atxikitzen du. Laburbilduz, RNA zirkular horrek gene-adierazpenaren blokeatzaile den miR-7 blokeatzen du.

“RNA zirkularrak hainbat miRNArekiko belaki gisa joka dezake baita zelulatik kanpo ere”, baieztatu du Rajewski-k. “Zenbaitek birusen miRNA atxikitzeko puntuak dituzte, beraz, sistema immunitarioaren erregulazioan ere zerikusia izan dezake”. Gainera, RNArekin elkarrekintzak dituzten proteinekin lotu daitezkeenaren ustea ere badute ikerlariek.

Zein beste forma har dezake RNAk? Zaila da aurresaten, baina agertzen dituen konformazio, egitura eta funtzioen aniztasuna kontuan hartuta ez litzateke harritzekoa izango molekula honek ikerlariak beste behin ahoa bete hortz uztea.

Iturria: Nature

Estekak

Rajewsky-ren jatorrizko publikazioa
Hansen-en jatorrizko publikazioa

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...