Saguzar hatzluzea (Myotis capaccinii) Europan arrainez elikatzen den saguzar-espezie bakarra da. EHUko ikerlariek 2003an eman zuten arrantza-portaeraren berri lehen aldiz, eta PLoS ONE aldizkarian publikatu berri duten artikuluan azaltzen dutenez, portaera hori hasiera batean uste baino arruntagoa da. Saguzar hatzluzea Gambusia holbrooki arrain exotikoez elikatzen da Iberiar penintsulako mediterraneoko kostaldeko putzu artifizialetan.
EHUko Jokabidearen Ekologia eta Eboluzioa ikerketa-taldeak 2003an aurkitu zituen lehen aldiz arrantza-zantzuak saguzar hatzluzean. Espezie horren dieta aztertzean, arrain-ezkatak eta otolitoak (belarriko hezurtxoak) aurkitu zituzten. Bost urte beranduago, baldintza artifizialetan saguzar horiek ur-azaletik arrainak harrapatzeko gai direla azaldu zuten, eta aste honetan publikatu berri den lanean portaera horri buruzko datu berriak azaldu dituzte PLoS ONE aldizkarian.
Ikerketan Dèniako (Herrialde Katalanak) kobazulo bateko saguzar-kolonia batekin egin dute lan. Hiru urtez kolonia horretako saguzarrek egindako gorotzak jaso eta aztertu dituzte arrain-hondarren bila. Arrainak saguzarrak aktibo dauden sasoi guztian jaten dituztela ondorioztatu dute ikerlariek. Horrez gain lehen aldiz kontsumitutako espeziea Gambusia holbrooki dela ziurtatu ahal izan dute eta zein tamainako animaliak irensteko gai diren estimatu dute otolitoak aztertuz. Azkenik, irratia-telemetria bitartez, arrantza non egiten duten ere identifikatu ahal izan dute ikerlariek: golf-zelai bateko putzu artifizialak.
Comments (1)
Maialen Sistiaga
reply