Enbrioi-garapenak eboluzioan zehar gainditu zuen mugarrietako bat izan da digestio-aparatuak uzki eta aho funtzioa betetzen duen zulo bakar bat edukitzetik, aho eta uzki diferentziatu gisa jokatzen duten bi zulo izatera pasatzea. Horren harira, sistematika klasikoak 1908an aho eta uzkia zuten animaliak enbrioi-garapeneko bi zulo horien eraketa-ordenaren arabera sailkatu zituen. Horrela definitu ziren protostomatuak (ahoa uzkia baina goizago garatzen dutenak) eta deuterostomatuak (uzkia ahoa baino lehenago). Oraingoan, ordea, penis worm izenez ezagutzen diren priapulidoek protostomatuak definitzeko azken 100 urteotan erabili izan den irizpidea ezbaian jarri dute.
Sistematika klasikoaren arabera ornogabe gehienak (priapulidoak tarteko) protostomatu gisa sailkatzen dira eta ornodunak, ekinodermatuak, hemikordatuak eta xenoturbelidoak, aldiz, deuterostomatuen taldean biltzen dira. Current Biology aldizkarian kaleratu berri den ikerketaren arabera, Priapus caudatus priapulidoan behatu da enbrioi-garapenean zehar animalia horren gene-adierazpena deuterostomatuenaren parekidea dela. Emaitzek adierazten dutenez, aho eta uzkiaren garapenerako geneak hirugarren egunean aktibatzen dira. Hala ere, gainontzeko protostomatuen kasuan ez bezala, blastoporoa eratuko duen enbrioiaren lehen inbaginazioan uzkiaren garapena gidatzen duten geneak aktibatzen dira.
Emaitza horiek ulertzeko pentsa liteke priapulidoak zuhaitz ebolutiboan adar okerrean kokatu izan direla besterik gabe, izatez deuterostomatuak direla, alegia. Hala ere, DNA sekuentzietan oinarritutako azterketek erakutsi dute zizare horiek gainontzeko protostomatuekiko gertuko ahaideak direla. Ikerketaren buru den Andreas Hejnol biologoak (Bergen-go Unibertsitatea, Norvegia) adierazi bezala, „protostomatuak berrizendatu egin beharko ditugu eta horretarako gure arbaso goiztiarrek nola eboluzionatu zuten ezagutu beharko dugu“.
Priapus caudatus ez da asko desberdindu Kanbrikoan ozeano-hondoetan bizi izan ziren bere arbasoetatik, fosil ebolutibotzat jo izan da. Beraz, halako primitibotasuna duen espezie batek gertuko ahaideekiko enbrioi-garapen hain desberdina izateak lehen protostomatuek diferenteki eboluzionatu zutela adieraz lezake. Gainera, mikroskopio bidez egindako bestelako azterketetan ere behatu izan dira desberdintasunak protostomatuen ahoaren garapenean. Maila molekularrean eskuratutako datu berri hauek aurretiaz zeuden susmoak baieztatu egin dituzte, hau da, protostomatuen artean aniztasuna handia dela enbrioi-garapenari dagokionez.
Itxura batean, hortaz, animalia talde horren izendapena zuzendu beharra izango da. Europako Biologia Molekularreko Laborategian (Heidelberg, Alemania) diharduen Detlev Arendt-en hitzetan “ez dugu izen berririk pentsatu, izan ere, hasteko aho eta uzkiaren eraketa taldearen izendapen eta definizioarako aproposak diren ala ez erabaki beharko dugu”. Eztabaida martxan da.
Comments (1)
Antton Alberdi
reply