Albisteak

Ugaztun karendunen arbaso komuna argitara
Ugaztunen historia ebolutiboa berridazteko beharra agerian utziko luke aurkikuntzak

2013/02/13

Iruzkinik ez
bisita

Ugaztun karendunena ugaztun espezieen gehiengoa biltzen dituen azpiklasea da. Egundaino fosil-erregistroak iradoki izan du ugaztunak dinosauroak desagertu baina dezente lehenagotik Lurrean izan arren, ez zutela tamaina handirik garatu eta dibertsifikazio nabarmenik pairatu duela 66 milioi urte asteroide baten inpaktuak narrasti handien desagerpena eragin zuen arte. Analisi molekularrek, bestalde, ugaztunen agerpena duela 100 milioi urte inguru kokatu izan dute. Baieztapen horiek guztiak kolokan jar daitezke orain, izan ere, ugaztun karendun guztien arbasoa litekeen animalia inferitu berri dute, dinosauroen desagerpena baina beranduago bizi izan zena.


Ugaztun karendunen arbaso komuna argitara
Ugaztun karendunen arbasoa dinosauroekin batera bizi izan zen Ukhaatherium nessovi satitsuaren (irudian) antzekoa litzateke morfologiaz

Ugaztun karendunak bizirik jaiotzen diren eta ernaldian zehar enbrioia amaren uterora itsatsitako organo espezializatu baten bidez, hots, plazentaren bidez, elikatzen duten animaliak dira. Egun 5.000 espezietik gora sailkatzen dira talde horretan, 1,5 gramo pisatzen dituen Bombus saguzarretik hasi eta 190 tona har ditzakeen balea urdineraino. Arrautzak erruten dituen ornitorrinkoa eta enbrioia plazentaren bidez ernaldiko epe labur batean zehar soilik elikatzen duten marsupialak talde horretatik kanpo geratzen dira.

Maureen O´Leary paleontologoak (Stony Brook Unibertsitatea, AEB) gidatutako lantaldeak datu-base handia eraiki du eskuragarri den ugaztun plazentadunen fosil-erregistroan oinarrituz. 86 espezie desberdinetako 4.500 ezaugarri aztertuaz ugaztun plazentadunen arbola ebolutiboa eraiki ahal izan dute. Horretarako, azpiklase horretako talde nagusi guztiak ordezkatzen dituzten espezieak aukeratu zituzten, tamaina, larru-kolore, anatomia eta fisiologia desberdinetakoak guztiak ere. Gainera, espezie guztientzat komunak diren 27 gene ere aztertu dituzte.

Science aldizkarian argitaratu duten lanaren arabera, ugaztun plazentarioen arbaso zitekeen animaliak dinosauroak desagertu eta 400.000 urtera eboluzionatu zuen. Animalia hipotetiko hori ez da fosil-erregistroan aurkitu, bertatik inferitu egin da. Itxura batean 6 – 245 gramoko pisua izango luke, arboletan biziko litzateke eta intsektuak izango lituzke dietaren oinarri. Satitsu txiki baten eta arratoi ertain baten antzeko animalia baten aurrean ginateke, beraz. Kumaldiko kume bakarra, isats luzea eta garun konplexua ere izango lituzke, usainak interpretatzeko lobulu handi batekin eta ezker eta eskuin hemisferioak lotzeko corpus callosum izeneko nerbio-zuntz sorta batekin. “Dinosauroen desagerpenaren ondorengo garaiak big bang handia eragin zuen ugaztunen dibertsifikazioan. Karendunen 10 talde handik 200.000 urtetako epean eboluzionatu zuten, batez ere, dinosauroek libre utzitako nitxo ekologiko berriak eskuragarri zituztelako”, baieztatu du O´Leary-k.

Ikerketako beste emaitzen artean nabarmentzekoa da orain arte afrikartzat jotzen zen Afrotheria superordeneko arbaso komuna Amerikan bizi izan zela. Harrigarria da oso aurkikuntza hau, izan ere, Afrotheria taldeko animalia guztiak, urde inurrijaleak eta elefanteak tarteko, egun Afrikan bizi dira eta euren arbaso komunak eboluzionatu zuen garairako jadanik Hego Amerika eta Afrika banandurik ziren. O´Leary´ren aburuz, “ez dago argi afroterioak nola iritsi ziren Afrikara: lehorretik edota irlaz irla iparraldeko latitudeetan barrena ala Ozeano Atlantikoa zeharkatuz baltsa edota gorputz flotatzaileren baten gainean”.

“Ikerketa honetan informazio genetikoa erabili da ugaztun karendunen arbola ebolutiboko adarrak osatzeko baina ez dute geneen mutazio-tasetan oinarritzen den erloju molekularra aintzat hartu adarren agerpena zehazki datatzeko”, adierazi du Anne Yoder biologo eboluzionistak (Duke Unibertsitatea, AEB). “Metodo estatistikoen laguntzaz adar horien luzera zehaztean informazio zehatzagoa eskuratuko da eta ugaztunen eboluzioaren inguruko ondorioak argigarriagoak izango dira. Hala ere, ez da zalantzarik ugaztun karendunen historia ebolutiboa berridatzi beharrean izango garela aurki”.

Iturria: Science

Estekak

Jatorrizko publikazioa

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...