Albisteak

Zentral nuklearrak jomugan?
Europar Batasunak kaleratu berri duen txostenak Europako zentral nuklearren segurtasunean “ehundaka akats” salatu ditu

2012/10/07

Iruzkinik ez
bisita

Fukushimako hondamendi nuklearraren oihartzuna apaldu den heinean interes mediatikoa bestelako gai beroetara bideratu da. Hala eta guztiz ere, Fukushima Dai-ichi zentral nuklearrean gertatutako ezbeharra eragin zuzena izaten ari da bai ingurunean eta baita bertako jendartean ere. Istripuak Japoniako politika ere astindu zuten, besteak beste, Naoto Kan orduko lehen ministroak dimisioa eman baitzuen hondamendiaren erantzule gisa. Fukushimak eragindako zurrunbilo politikoa Europara ere iritsia da.


Zentral nuklearrak jomugan?
Fukushikamo zentral nuklearreko hiru erreaktoretan nukleoaren fusioa gertatu zen

Urriaren 4ean Europako Batzordeak argitaratutako txostenean biltzen denez, Fukushimako hondamendiaren harira egin ziren azterketek Europako 145 erreaktore nuklearretan segurtasun akatsak aurkitu dituzte. Txostenaren arabera, “zentral nuklear guztiek dute segurtasun arloan zenbait hobekuntza egiteko beharra. Three Mile Island eta Txernobylgo hondamendien ondoren zentral nuklearrak babesteko hainbat neurri adostu ziren. Hala ere, egindako azterketek erakusten dute gaur egun, zenbait hamarkadaren ondoren, neurri horiek oraindik hartzeke dituztela hainbat herrialdek”. Elektrizitatearen %80 energia nuklearraren bidez ekoizten duen Frantzia bereziki kritikatzen da txostenean, akatsak bere 58 zentral nuklearretan aurkitu baitira. Urrutira joan gabe, irailaren hasieran Frantziako Fessenheim zentralean gertatu zen istripu txiki batek bi lagun zauritu zituen.

Fukushimako hondamendia gertatu zenetik gobernuek hartutako jarrerak askotarikoak izan dira. Alemaniako gobernuak, esaterako, zentral nuklearrak progresiboki itxiko zituela erabaki zuen herrialdean izan ziren manifestazio ugariek eskatu bezala. Arestian aipatutako Frantziak, ordea, energia nuklearraren aldeko apustua sendotu egin du, zentraletan are eta diru gehiago inbertitu baitu Japoniako istripuaren ondoren.

Gurean, berriki jakin da Garoñako zentralaren ustiapenaren ardura zuten Endesa eta Iberdrolak uko egin diotela lizentzia berritzeari. Urte luzetan izan dira zentral zaharra ixteko ekimen eta saiakerak eta Gaztela-Leongo Juntak 2013 urterako iragarri du itxiera. Garoña bere azkenetan da dirudienez baina Europan 30 km-ko erradioaren baitan 100000 lagunetik gorako biztanleria duten 47 zentral nuklear daude.

Iturria: BBC

Estekak

Europako Batzordearen txostena

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...